LAB sindikatuak salatu du gutxienez hiru anbulantziak protokolo egokirik gabe garraiatu dituztela koronabirusaz kutsatutako pazienteak Gasteizen. Ondorioz, anbulantzietako lau langile berrogeialdian jarri dituzte, baina oraindik ez dute aztertu gainontzeko erabiltzaileengan ere eraginik izan ote duen.
Otsailaren 29an izan zen lehenengo kasua. Txagorritxun aurretiaz ingresatutako gizon bat berriz eraman behar izan zuten Sanitaseko klinikatik Txagorritxura, azken hau baita koronabirusa tratatzeko erreferentziazko zentroa. Handik lau egunera positibo eman zuen gizonak. Ezagutu diren beste bi kasuak lehenengoa publiko egin ostean gertatu ziren.
Osakidetzak beste enpresa batzuei kontratatzen dizkie anbulantzia zerbitzuak. Gasteizko kasuan lau enpresaren artean banatzen da zerbitzu hori. Anbulantzietako langileek Osakidetzako langileen baldintza berdinak eskatu dituzte, eta adierazi dute Osakidetzak ezin duela "beste aldera begiratu".
LAB eta ELA sindikatuek Osakidetzaren jarrera kritikatu dute, eta adierazi dute “egoeraren ebaluazio, planifikazio, formazio, informazio eta protokolizazio” egokirik ez dela egon.