argia.eus
INPRIMATU
Protesten ondorioz, abortua murriztuko lukeen legearen ezarpena atzeratu du Poloniak
  • Poloniako Gobernuak abortua murriztu nahi du lege berri batekin. Gobernuaren asmoek eragindako protesta oldearen ondotik, legearen ezarpena atzeratu behar izan dute agintariek.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 05a

Bi astez Poloniako kaleak hartu dituzte hainbat emakumek eta herritarrek, legezko abortuari egin nahi zaizkion murrizketen aurrean protestan. Herritarrek erakutsitako haserrearen ondotik, Poloniako Gobernuak asteartean ondokoa erabaki zuen: legezko abortuaren gaineko murrizketak jasotzen dituen Auzitegi Konstituzionalaren epaia barnebiltzen duen legea momentuz publiko ez egitea, legearen ezarpena atzeratzea.

Hasierako asmoen arabera, lege berria astelehenean jarriko litzateke indarrean, eta abortatzea baimenduko luke soilik ondoko kasuetan: haurdun dagoen emakumearen bizia arriskuan dagoenean, edota haurdunaldia bortxaketak edo intzestuak eragindakoa denean. Alabaina, legeak sortutako gaitzespena medio, gobernuak epai horren alternatibak bilatzea erabaki du. Hortik legearen ezarpenaren atzeratzea, nahiz eta gobernuak jarraitzen duen defendatzen inkonstituzionala dela ustezko fetuaren malformazioa haurdunaldia eteteko arrazoi gisa erabiltzea. Herrialdeko abortu gehienen motiboa hori da.

Abortatzeko arrazoi bezala, ustezko fetuaren malformazioa urriaren 22tik da inkonstituzionala Polonian, Legea eta Justizia (PiS) alderdi eskuindar eta ultrakontserbadoreak helegitea jarri ondotik. Airean dagoen lege berri hori onartuz gero, Europa mailan abortuari dagokionez dauden lege murriztaileenetarikoa edukiko luke Poloniak.