Astelehen honetan hasi da NBEren Klimaren inguruko gailurra, New Yorken (AEB). Antonio Guterres NBEko Idazkari Nagusiak munduko presidente guztiak deitu ditu gailurrera, eta elkarrekin ekiteko ordua dela adierazi du.
Mundu mailako protestek aurrera darraiten bitartean, NBEren Klimaren Gailurra egingo da astelehenean New Yorken. Nahiz eta Antonio Guterresek munduko buruzagi guztiak deitu, 60k bakarrik baieztatu dute bertaratuko direla. Donald Trumpek eta Jair Bolsonarok jada ez direla joango adierazi dute.
Munduko buruzagiez gain, enpresa handietako zuzendariak eta hainbat hiri eta eskualdetako ordezkariak izango dira gailurrean. Antonio Guterresek adierazi duenez, herrialde nagusiek konpromezu berriak hartzea du xede gailurrak, zehatzak eta betegarriak. Idazkari Nagusiaren esanetan, diskurtsoak “alde batera” utzi behar dira, benetako erabaki betegarriak erdigunean jartzeko
Antonio Guterresen aginduak argiak dira: herrialdeek eta bestelako agenteek NBEren helburu nagusiak betetzeko proposamen argiak aurkeztu behar dituzte; NBEren helburuak hurrengo hamarkadan negutegi efektua eragiten duten gasen igortzea %45 jaistea eta 2050erako gas horiek igortzeari uztea dira.
Eusko Jaurlaritza presente
Herrialdeez gain, hainbat eskualdek eta gobernu lokalek parte hartuko dute gailurrean, Euskal Autonomia Erkidegoa barne. Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek New Yorkera egin du hegan autonomiako gobernuaren plana eta estrategia erakustera. Besteen artean, ordezkaritzaren helburua gobernu lokalek klima aldaketaren aurkako borrokan duten garrantzia erakustea da.
Kioto zalantzan
Kiotoko protokoloa indarrean sartu zenetik hamalau urte baina gehiago bete dira, eta mundu mailako kutsadurak eta negutegi efektua eragiten duten gasen igortzeak etengabe egin du gora ordutik. Gauzak hala, ika-mika handia dago halako gailurren egiazko balioaz; izan ere, Kiotoko protokoloak ingurumenaren egoera asko aldatuko zuela uste zen, baina gehien kutsatzen duten herrialdeek ez zuten protokoloa sinatu, eta planetaren egoera okerrera doa egunez egun.