argia.eus
INPRIMATU
Futbol amerikarreko jokalariek arrazakeriaren aurka hasitako protestak bizirik dirau AEBetan
  • Miami Dolphins taldeko bi jokalari belaunikatu egin dira protesta gisa AEBetako ereserkia entzutean; talde bereko hirugarren jokalari batek ukabila altxatu du. Azken bi urteetan arrazakeriaren kontrako keinuak ugaritu dira AEBetako kirol profesionalean.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko irailaren 12a
Miami Dolphins taldeko belaunikatutako bi kideak (Argazkia: democracynow.org)

AEBetako futbol amerikarreko elkarteko (NFL) jabe guztiek adostu berri dute, AEBetako ereserkiak jotzen duenean zutik entzun behar dela. Hala egiten ez duen jokalariak isuna jasoko du. Beste aukera da ereserkiak jotzen duen unean aldageletan geratzea.

Colin Kaepernick jokalariak hasi zuen protestak bizirik jarraitzen du bi urteren ondoren. Polizia armarik ez zuten pertsona beltzen aurka tiroka agertzen ziren zenbait bideo zabaldu ondoren, arrazakeriaren kontrako protesta-oldea piztu zen AEBetan eta futbol amerikarreko ligara ere iritsi zen horren eragina.

Hasieran, aulkitik ez altxatzea erabaki zuen Kaepernickek; baina 2016ko irailaren 22an belaunikatu egin zen lehenengo aldiz, polizien gehiegikeriak eta arrazakeria salatzeko. Partiduaren ondoren azaldu zuen bere jarrera: “Ni ez naiz harrotasunez jaikiko aulkitik pertsona beltzak eta koloreko pertsonak zapaltzen dituen herrialde baten ereserkian”.

Donald Trump AEBetako lehendakariak gogor kritikatu zuen jokalaria eta hark egindakoa aberriaren aurkakoa dela esan zuen. Hala jokatzen duten guztiak NFLtik kanporatu behar zirela ere adierazi zuen. Hainbat taldek, ordea, nahi bezala jokatzen utzi zieten beren jokalariei eta saskibaloiko eta beisboleko jokalariak gehitu ziren protestara Trumpen adierazpenak entzun ostean. Azken hauen artean Tom Brady, bere garaian Trumpen laguna izan zela aitortu zuen jokalari famatua.