argia.eus
INPRIMATU
Protestara deitu du AHT-rik Ez Lautada Plataformak Espainiako Sustapen Ministroaren bisita dela eta
  • José Luis Ábalos, Espainiar Gobernuko Sustapen Ministroa, Gorka Urtaran alkatearekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari ezberdinekin bilduko da ostegunean, Gasteizen tren lurperatzeari eta Abiadura Handiko Trenari buruz hitz egiteko.

Hala Bedi @halabedi 2019ko urtarrilaren 15

Espainiar Gobernuko Sustapen Ministroa Gasteizen egongo datorren ostegunean, urtarrilaren 17an. Bertan, Gasteizko alkatea den Gorka Urtaranekin eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari ezberdinekin bilduko da José Luis Ábalos, besteak beste, Gasteizko tren lurperatzeari eta Abiadura Handiko Trenari buruz hitz egiteko.

AHT-rik Ez Lautada Plataformak, bisitaren aitzakia apobetxatuta, kontzentrazioa egingo du egunean bertan 11:30ean Olagibel Kaleko Gobernu Ordezkaritzan. Ohar batean azaldu dutenez, trenaren lurperatzea eta Abiadura Handiko Trena gai ezberdinak direla aldarrikatuko dute. “Ez dugu nahi lurraldearen suntsiketa milionarioa egitea aitzaki horrekin”. Trena lurperatzeko ez da Araba suntsitu behar izango da elkarretaratzearen leloa.

Orain dela urtebete, 2018ko otsailaren 27an, antzeko protesta bat egin zuten leku berdinean. Orduan, Espainiako Gobernu Ordezkaritzan 7.000 sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten Lautadatik AHT pasatzea nahi dute proiektuaren aurka.

Zentzu honetan, alderdi ezberdinen arteko indar metaketa beharrezkoa dela azpimarratu zuten, Lautadan ematen ari den ezberdinen arteko indarrak beste instituzio batzuetara estrapolatuz. Hala ere, argi utzi zutenez, ez daude trenaren aurka, proiektu honen kontra baizik: tren sozialaren aldeko apostua beharrezkoa ikusten dute.

Izan ere, Nafarroako korridorearen eta ‘Euskal Y’-ren arteko lotura Lautadan zehar egiteko aukera zabaldu da, eta Lautadako herritarrak horren aurka antolatzen hasi ziren orain dela urtebete. Kalte ekologiko eta gizarte aldetikoak eragingo lituzke AHT-ren lerro berriak, eta tren soziala aldarrikatzen dute, alternatiba gisa.

 

Albiste hau Hala Bedi-k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.