argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Infernua husteko polizia-operazioa salatu dute ehunka lagunek
  • Joan den osteko polizia operazioaren ondoren, Donostiako Infernuan bizi ziren 60 pertsona kale gorrian geratu dira eta hori salatzeko deitutako manifestazioan 500 pertsona inguruk parte hartu dute. Eneko Goia Gipuzkoako hiriburuko alkateari Infernuko bizilagunei babesa ez ematea leporatu diote. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko azaroaren 09a
Igandean Donostian egindako manifestazioko hainbat irudi (argazkiak: Infernua Bizirik).

500 pertsona inguruk parte hartu dute igande eguerdian Donostian deitutako mobilizazioan, joan den ostegunean Infernua auzo okupatuko eraikin bat hustu zutela salatzeko. Manifestazioa eguerdiko 12:00ak aldera hasi zen Donostiako Boulervardean. Etxe gabe geratu ziren 60 pertsona, bizilagunak eta gertakari hori salatu duten hainbat kolektibotako kideak batu dira Kontxako pasealekutik Antiguaraino joan den manifestaziora.

SOS Arrazakeria, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta Ernai bezalako eragile eta alderdiek babesa adierazi diote manifestazioari. Infernuko bizilagunek, bestalde, agerraldiak egiteko deia egina zieten beste herrietako eragileei ere, eta erantzuna berehala etorri zen, hainbat kolektibok babesa adierazi baitzieten igandean bertan euren herrietan egindako mobilizazioen bitartez. 

"Elkartasuna desmobilizatzeko" pentsatutako operazioa

SOS Arrazakeriak adierazi duenez, pandemia-egoera betean Infernua husteak, "bertan bizi diren pertsonentzako bizitoki-baliabiderik eskaini gabe eta polizia-dispositiboak zabalduz, agerian uzten du gure erakundeek ez dutela gure lurraldean gertatzen diren bazterkeria-egoera larriei erantzuteko gaitasunik".

Arrazakeriaren aurkako kolektiboaren ustez, operazioa egiteko alarma-egoera eta etxeratze-agindua aprobetxatzea, "elkartasuna desmobilizatzeko" asmoz egindako zerbait izan da, "pertsonen zaurgarritasuna areagotuz eta ekintza horiek ahalik eta zigorgabetasun handienarekin eginez". Infernua hustea bertan bizi ziren pertsonentzat unerik kritikoenean gauzatu da, SOS Arrazakeriaren arabera.