argia.eus
INPRIMATU
‘Protestaka’ erakusketa, EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasle borrokaren 30. urteurrenean
  • 1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko Arte Ederretako Museoa okupatzeagatik zenbait ikasle atxilotu zituzten, esaterako. Orduko horiek gogoan, Protestaka erakusketa paratu du Euskara Batzordeak fakultatean. Abenduaren 13a arte izango da ikusgai.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko abenduaren 05
Bost irakasle euskaldun, horixe izan zen Leioako campuseko Arte Ederretako ikasleen eskakizun zehatza. ARGIA Fototeka

Borroka "gogoangarria" egin zuten 1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek, ARGIAko kazetari Leire Artolak idatzi zuen moduan Bost irakasle euskaldun eskatzetik, unibertsitatea hankaz gora jartzera erreportajean. "Ehunka ikasle mobilizatu ziren arrazoi sinple bategatik: euskaraz ikasi nahi zutelako". Ikasketak osorik euskaraz egin ahal izateko behar zituzten irakasle euskaldunak lortzea zuten helburu.

Fakultatean hasi zituzten protestak Bilbora ere eraman zituzten. 1994ko azaroaren 2an Arte Ederren museoa okupatzen ahalegindu ziren 200 ikasle. Ez zieten sartzen utzi, museoa itxita zegoela esanez. Ikasle batzuk teilatura igo ziren pankarta bat jartzera eta museoko zenbait langilek lagundu zieten. Ertzaintza hurbildu zenean atearen kanpoan eserialdian zirenei eraso egin zien, hainbat zaurituz eta zazpi atxilotuz.

Komunikabideetan oihartzun handia izan zuen Arte Ederretako ikasleen borrokak. / ARGIA Fototeka.

"Sortu zituzten kantak eta egin zituzten pegatinak eta kartelak eta pankartak, eta eman zituzten kontzertuak unibertsitatean eta egin zituzten performantzeak Bilboko kaleetan", diote Euskara Batzordeko kideek, erakusketari buruzko afixan. "Egunkariak eman zuen protesten berri eta Negu Gorriak-ek kantatu zuen poliziaren indarkeriaz. Gaur egun ere, idatzi dira manifestuak, egin dira mobilizazioak, sortu dira bideoak, erabili dira sare sozialak, egin dira afixak, eta idatzi da gertaerez Berrian eta ARGIAn".

Hiru hilabeteren buruan, bost irakasle horiez gain, guztira 80 irakasle euskal-hiztun kontratatu zituen EHUk, diote erakusketaren antolatzaileek. "Unibertsitatea beste bat da ordutik: euskaldunagoa. 30 urte geroago, baina, aldarriak ez dira agortu eta euskararen aldeko ikasle mugimendua berrindartzen ari da, berrarmatzen. Borroka hura hartu dugu erakusketaren abiapuntu gisa, gaur egungo ikasleen hizkuntz-borrokarekin lotzeko".

"Lotura horren alderdi artistikoa" nabarmendu dute. Orduko eta oraingo materiala bildu dute: objektuak, kartelak, albisteak eta argazkiak.