argia.eus
INPRIMATU
Protestek jarraitzen dute Minneapolisen, Poliziak Daunte Wrighten hiltzeagatik
  • Daunte Wright gazte afroamerikarraren heriotza dela eta protestak jarraitzen dute Minneapolisen. Tiro egin zuen poliziak eta polizia buruak kargua uztea erabaki dute. 

2021eko apirilaren 14a
Argazkia: Chad Davis

Protestek hirugarren egunez jarraitu dute Brooklyn Centerren, Minneapolisetik gertu, Daunte Wright gazte afroamerikarraren heriotza salatzeko. Minneapoliseko eta St Pauleko alkateek larrialdi egoera ezarri dute.

Atzo arratsaldeko konzentrazioak baketsuak izan ziren arren, iluntzean hasi ziren istiluak, Brooklyn Centerreko komisaldegi parean. Izan ere, poliziak gar negar-eragilea erabili zuen jendea sakabaneazeko, eta manifestariak ur botilak eta bestelako objektuak jaurtiz erantzun zuten. 40 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte atzo arteko protestetan.

Kim Potter da igandean, Minneapolisen gazte afroamerikarra hil zuen polizia, eta Tim Gannon polizia buruaren arabera pistola taserrarekin nahastu  zuen. Poliziak berak grabatutako kameraren bidez azaldu dute gertatutakoa. Minnesotako Atxiloketa Kriminaleko Bulegoak ikerketa abiatu du eta Wrighten familiak polizaren atxiloketa eskatu du.

Potterrek eta Gannonek dimisioa aurkeztu dute astearte honetan. Tiro egin zuen poliziak, ohar baten bidez adierazi duenez, komunitatearentzat, departamentuarentzat eta lankideentzat egokiena "berehala postuari uko egitea da".

Wrighten heriotzak arrazakeriaren eta poliziaren indarkeriaren aurkako protestak piztu ditu. Izan ere, hiri horretan bertan, iaz, George Floyd afroamerikarra hil zuten eta Derek Chauvin polizia George Floyden heriotzagatik epaitzen duten bitartean gertatu da ezbeharra.