argia.eus
INPRIMATU
Protestak eta istiluak Grezian, poliziak hamasei urteko gazte bat buruan tirokatu ostean
  • Agente batek bi tiro eman dizkio gasolindegi batetik 20 euro ordaindu gabe ihesi zihoan Kostas Fragoulis gazteari, Tesalonikan. Baliteke Greziako autoritateak haren heriotza estaltzen aritzea.

Gedar @GedarLangileKZ 2022ko abenduaren 07a
Bortizkeria polizialaren aurkako manifestazioa, Tesalonikan. (Argazkia: Alerta.gr)

Greziako poliziak hamasei urteko Kostas Fragoulis ijito gazteari bi tiro eman zizkion astelehen eguerdian. Tesalonikako gasolindegi batetik 20 euro gasolina ordaindu gabe ihes egiten ari zen nerabearen atzetik zihoan poliziaren unitate motorizatua, agenteak jaurtitako balak buruan jo zuenean.

Gertakaria zabaldu eta berehala, Tesalonikan bertan zein Atenas hiriburuan hainbat protesta antolatu ziren astelehenean zehar. Tesalonikan, 1.500 pertsona inguruk parte hartu zuten eragile ezkertiar eta anarkistek antolatutako manifestazioan. Poliziaren eta manifestarien arteko talkak izan ziren, eta gas negar-eragilea eta granada zorabiatzaileak jaurti zituzten polizia-indarrek. Sei lagun atxilotu zituzten protestaren ondoren.

Horren aurretik, erromani komunitateko ehun bat lagunek barrikadak jarri zituzten ustez mutila artatzen ari ziren Ippokrateio Ospitale Nagusiaren kanpoaldean. Orduan ere, granadak eta gas negar-eragileak erabili zituen haien aurka poliziak.

Atenasen ere zeresana eman du biolentzia polizialak, ehunka pertsonak parte hartu baitzuten hiriko erdigunean antolatu zen manifestazioan. Greziako ijito komunitateko kideek eta hainbat elkartek salatu zutenez, "ijitoen aurkako bazterkeria eta bortizkeria poliziala" da nagusi herrialdean. Iaz, poliziak 18 urteko ijito gazte bat hil zuen tiroz, eta hura ere gogoan izan dute, azken urteotan poliziarekin izandako liskarretan hil edo zauritu dituzten gainontzekoekin batera.

Hiriburuko Exarchia auzoan ere ehun lagun inguru bildu ziren Indar errepresiboen eta Estatuaren basakeriaren aurka lelopean. Han ere karga gogorrekin oldartu zitzaien polizia, eta manifestariek molotov koktelak zein harriak jaurtiz erantzun zieten.

2008ko oihartzunak

Oraingoz, ezezaguna da Fragoulisen egoera. Bertsio ofizialaren arabera, bala ateratzeko ebakuntza egin diote Tesalonikako ospitalean, eta "egoera kritikoan" legoke uneotan. Dena den, Greziako hainbat iturriren arabera, baliteke agintariak nerabearen heriotza ezkutatzen aritzea, asteartean hamalau urte bete baitira Atenasko poliziak Alexis Grigoropoulos hamabost urteko gaztea tiroz erail zuenetik. Data hauetan erailketa gogora ekartzeko manifestazio masiboak antolatu ohi direnez eta azken kasuaren larritasuna ikusita, agintari politikoek eta komunikabideek 2008koa bezalako matxinada orokor bat saihestu nahi dutela dirudi.