argia.eus
INPRIMATU
Protestak eragin ditu pandemiaren ondoren Veneziako kanaletik irten den lehen itsasontzi handiak
  • Herritarrek ontzi handiek sortzen dituzten kalte ekologikoak salatu dituzte.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 07a
Venezian bidaia luzeetarako itsasontzi handia. Argazkia: Marco Verch.

Pandemiaren eraginez, hemezortzi hilabetez geldi egon da itsas-bidaietarako ontzien trafikoa Venezian. Larunbatean berrabiarazi dute jarduera, eta lehen itsasontzi handia igaro da kanaletik. Horren harira, ehunka biztanle eta eragilek protesta egin dute zehar bidaietako eta edukiontzi motako itsasontziek sortzen dituzten kalte ekologikoak salatzeko.

Urte eta erdiren ondoren, ekainaren 5ean hasi da berriz itsasontzi handien trafikoa Venezian. Kroazia eta Greziatik bira egingo duen 92.000 tonako MSC Orchestra ontzia izan da pandemiaren ondoren igaro den lehenengoa. Jarduera turistiko horrek Veneziako ekonomiaren zati handi bat hartzen du, eta hainbat eragile pozik agertu dira blokeoa amaitu delako. Baina herritar askok aurka egin dute: ehundik gora irten dira kalera zein kanaletara, ontzi txikietan, “itsasontzi handirik ez” lelopean, jarduera horrek sortzen dituen kalteak salatzeko eta gobernuari erantzukizuna eskatzeko.

Herritarrek adierazi dute pandemiaren ondorioz egoera hobetu egin dela, baina lehengo moduetara bueltatuz gero, kalte ekologikoak egongo direla salatu dute: lurraren erosioa eta kutsadura, bereziki. Arrazoi horiek medio, Reuters agentziaren arabera, apirilean Italiako Gobernuak debekatu egin zuen zeharreko bidaietarako eta edukiontzi gisako ontzi handiek Veneziako alde historikotik nabegatzea. Halere, debekua ez da oraindik indarrean sartu, kanaletik kanpoko itsasontzientzako terminalak ez daudelako prest, beren eraikuntza planak ez dira lizitatu, eta biztanleek beste neurri batzuk har daitezen eskatu dute.

Konpotzeko bideak

UNESCO erakundeak 2012an Italiako Gobernuari Venezian itsasontzi handien trafikoa kontrolatzeko neurriak hartu zitzala eskatu zion. 2019. urtean, berriz, urtebeteko epea eman zitzaien agintariei arazoa konpontzeko, egin ezean, Veneziako alde historikoari emandako “gizateriaren ondarea” titulua kenduko ziotela esanez.