argia.eus
INPRIMATU
Protestak Baionako eta Parisko karriketan, artean, Macron presidentea Antilletan
  • CGT sindikatuaren arabera 450.000 jende kaleratu da Frantzia osoan Lan kodearen erreformaren aurka, Barne ministerioak, berriz, 223.000 izan direla dio. Manifestariek Parisen 60.000 zirela zioten, poliziak berriz, 24.000. Baionan, berriz, 2.000 eta 4.000 artean izan ziren. Zenbakien eta irudien "gerra" nagusitu da lan erreformaren aurakako lehen ekinaldian. 

Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko irailaren 13a

Frantziako Gobernuak jendartearen lehen oldarrari aitzi egin behar izan dio. Luzerako doan konbate gisa hartu du Edouard Philippe lehen ministroak. Manifestari gehienak molde baketsuan ibili ziren Parisko karriketan, alabaina, hainbat gazteren oldarraldiak ere izan ziren. Zauritu bat ospitaleratu zuten, eta zazpi gazte atxilotu zituzten. Polizia eta manifestarien arteko istiluen hastapena izan liteke. Etor daitezkeen borrokaldi gogorragoen erakusle.   

Errepublikako presidentea Eliseotik urrun zegoen asteartean, Irma urakanak Antilletan egindako desmasiak ezagutzen eta kaltetuen aldeko elkartasuna adierazten. Saint-Martin uhartea izan da kolpatuena, hamaika dira hildakoak eta asko daude desagertuta. Uhartetarrak bereziak izanagatik, metropolitik urrun izan arren, Hexagonoko herritarren maila berekoak direla agertu zien presidenteak.

Macronekiko atxikimenduak behera egin du azken bi hilabetetan. Asteartean baina, Antilletan emandako itxurak, antza, hobetu du bere irudia. Herritar babesgabetuen alde paratu zen, hurbil. Presidenteak txiroekiko gertutasunaren irudia gailendu zen Errepublikan. Macron erregeak Gortea utzi zuen eta kanpainan ibili zen. Kanpaina hitzak dituen bi adieratan.

Erreformak erreforma, Frantziako Gobernuaren jarduera hedabideetan jokatzen da neurri handi batean. Atzokoa, Macronen politika liberal kapitalistaren aurkakoen eta sistema beraren hariak mugitzen dituztenen arteko zenbakien gerra izan zen. Hilabeteko lehen oldarraldia izan zen. Hilabetea amaitu artean, beste ekimen asko etorriko da. Lan-urtealdia, berriz, kolokan dago. Ikasturtea hasi baino ez da egin. Badago zer ikasia, zer lortzea. Lehenik eta behin, Gobernuaren Lan kodearen aurka dauden indar guztien batasuna erdiestea. Horixe izanen da gakoa, Lan kodearen erreforma kaltetuenen alde paratu ahal izateko.