argia.eus
INPRIMATU
Protestak antolatu dituzte NATOri ezetza berresteko, erreferendumetik 30 urtera
  • Martxoaren 12an, larunbatean, 30 urte beteko dira Espainiako Estatuak NATOko kide izatea erabaki zuela; 1986an gaiaren inguruan galdeginez, erreferenduma antolatzea erabaki zuen Felipe Gonzalezen PSOEren Gobernuak. Hego Euskal Herria, Katalunia eta Kanariar uharteak proposamenaren aurka azaldu ziren.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko martxoaren 11
Hego Euskal Herriak ezetz esan zion NATOri eta urtean zehar protestak antolatzen dira erabakia berretsiz. (Arg: Kakitzat)

Euskal Herriak ezetz esan zion NATOko kide bilakatzeari; Gipuzkoan bozkatzaileen %68,3 agertu zen proposamenaren aurka, Bizkaian %64,6,  Araban %52,5 eta Nafarroan %52,7. Emaitza horiek gogorarazi eta urteetan salatu dutenari jarraiki, protestak antolatu dituzte Bilbo, Iruñea eta Tuteran. Bilbon egun osoko egitaraua prestatu dute, tartean Zabalburu Plazatik Gobernu Militarreraino joango den “kalejira-antimilitarista”. Iruñean, giza katea osatuko dute Donibane auzotik hasita; intsumiso ugari kartzelaratu zuten bertako kartzela zaharrean.

Kakitzat koordinakunde antimilitarista eta Bilboko protestaren antolatzaileak azaldu du “NATOn parte hartzeak militarismoa bultzatzea eta gastu militarra handitzea” dakarrela, eta horrek “oinarrizko zerbitzuen murrizketa” eragiten duela. Urteetan, erreferendumeko ezetza berresteko egin diren ekimenak gogorarazi dituzte, 1989ko otsailaren 20an soldadutzaren aurka jaiotako intsumisio-kanpainari aipamen berezia eginez.

Iruñeko ekimenaren bultzatzaileek NATOren bilakaera salatu dute: “Urteen poderioz kide berriak batu ditu bere praktika kriminalak eta jarduera esparrua hedatu du, publikoki zein ezkutuan aritzeko: Balkanak, Irak, Afganistan, Libia, Siria eta Ukrainia”. Erreferendumaren zilegitasuna ere zalantzan jarri dute: “Erabakitzeko eskubidea ukatu izan dute Nafarroan eta behingoagatik, zerbait galdetzean, ez dute jaramonik egiten”.

NATO Bardeetan

NATOk tiro poligonoa du Bardeetan. Bere estrategia militarra garatzeko saioak egiten ditu, aireko probak tarteka. UNESCOk parke natural izendatu zuen eremua, Biosferaren Erreserbatzat jo ondoren. Nafarroako hainbat eragilek urtero protestak antolatzen dituzte tiro poligonoa desegin eta NATO Bardeetatik joan dadin eskatzeko.

Espainiako Estatua eta erreferenduma

PSOE gobernura iritsi zenean NATOren aurkakoa zen. Iritziz aldatu, erreferendumean aldeko kanpaina egin eta Espainiako Estatuak baietz esan zion NATOko kide bilakatzeko proposamenari. 1986ko martxoaren 12an antolaturiko erreferendumean esku hartu zutenen %52,5 alde azaldu zen. Zenbait eragilek salatu dute egun hartan bozkaturikoa ez dela bete. 1997an, Jose Maria Aznar presidente zela, NATOren egitura militarraren parte bilakatzea erabaki zuen Espainiak; erreferendumak aukera hori baztertzen zuen. Ostera, Espainian arma nuklearrak sartzeko aukera eskaini zitzaien AEBei, Gobernuaren baimenpean. Erreferendumeko bigarren puntuak aukera hori ukatu zuen.

Elkarretaratzeez gain, bada umoretik ere heldu dionik urteurrenari, adibidez Eguzki talde ekologistak honako bideoa egin du Jesus Egigurenek Eusko Legebiltzarrean gaiari egiten dion aipamena baliatuz: