argia.eus
INPRIMATU
“Protesta oro jazarri eta zigortzea da lege honen helburua”
  • Herritarren segurtasuneko lege-proiektua onartu zuen ostiralean Espainiako Ministroen Kontseiluak. Hainbat eragile sozialekin eta organismo publikoekin hitz egin ostean, lege-proiektuan aldaketa batzuk onartu dituztela azaldu du Fernandez Diaz Barne Ministroak. Hala ere, askok salatu dute legearen helburuak bere horretan jarraitzen duela: protesta oro jazarri eta zigortzea.

Itziar Ugarte Irizar @itzugarte 2014ko uztailaren 14a
Poliziak susmagarritzat dituenak sei orduz atxiki ahal izango ditu (Arg.:huffingtonpost.es)

Greenpeacek eta No Somos Delito plataformako kideek salatu dute onartutako aldaketek irregulartasun batzuk baino ez dituztela moldatu. “Protesta baketsuak erreprimitu nahi dituen jazarpen-legea izaten jarraitzen du”, adierazi dute.

No Somos Delito plataformako Guadalupe Bohoyos abokatuaren arabera, bi arrazoiengatik du “berebiziko garrantzia” aurre-proiektu honen onarpenak; alde batetik, gizartearen kontrola areagotzea bermatuko duelako eta bestetik, Poliziaren jarduna zigorgabetasun osoz onartuko duelako.

Fernandez legearen” bost elementu gako

Lamarea hedabide digitalaren webgunean, “Fernandez legea” izena hartu duen egitasmoaren bost elementu gako nabarmendu dituzte:

-Segurtasun juridikoaren printzipioa urratzea

-Polizia-agente baten irudiak hartzeko debekua

-Protesta baketsuaren kriminalizazioa

-Legearen dimentsio prebentiboa

-Errugabetasun presuntzioaren urraketa.

Ondorioz, besteak beste, poliziak susmagarritzat dituenak sei orduz atxikitu ahal izango ditu eta Kongresuaren, Senatuaren edo Batzar legegileen aurrean, aldez aurreko abisurik gabe, elkarretaratzea egitea arau-hauste arintzat joko da.