argia.eus
INPRIMATU
Kutxabankek pertsona bat etxetik bota nahi duela eta beste baten eskubideak urratzen ari dela salatuko dute
  • Etxe Kaleratzeak Stop plataformak salatu du Kutxabankek egoera prekarioan bizi den pertsona bat etxetik kaleratu nahi duela, eta beste baten hipoteka presioa arintzeari uko egin diola. Erantzuna emateko, kontzentrazioa eta prentsaurrekoa deitu du ostegunean, 10:45etan Donostiako Garibay kaleko Kutxabanken egoitza parean.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 15a
Euskal Herrian izandako etxe kaleratze batek utzitako irudia.

Amaia eta Kontxi dute izena EKS plataformak babestera dei egin duten bi pertsonek. Biak bananduta daude, baliabide urriak dituzte, eta hiruna adin txikiko dituzte beren kargu. Bankuen Praktika Egokien Kodearen arabera, beren egoera prekarioagatik hipotekaren presioa arintzeko eskubidea dute. Kutxabank kode horretara atxikita dago, beraz, betetzera behartuta dago, eta ez da betetzen ari.

Kontxiren hipoteka presioa arintzeari uko egin dio Kutxabankek, baldintzak ez dituela betetzen argudiatuta. Amaiaren kasuan, Kutxabankek jada demanda sartu du Donostiako epaitegian etxea enkantean jarri eta etxea bereganatzeko. Amaiari hipotekaren presioa arintzeko “trabak” jartzen ari zaizkiola salatu du Etxe Kaleratzeak Stop plataformak; bankua bere erantzuna atzeratzeko behar baino dokumentu gehiago eskatzen ari zaizkiola diote. Plataformak adierazi du denbora igaro ahala, Amaiak hipoteka ordaintzeko arazoak eduki ditzakeela. Hala, bankuak etxe kaleratzea gauzatzeko arrazoia lor dezake.