argia.eus
INPRIMATU
Protesta ekitaldiak antolatu dituzte Gasteizen Tel Aviveko Maccabik jokatuko duen partiduagatik
  • Tel Aviveko Maccabik abenduaren 29an Baskoniaren aurka Gasteizen jokatuko duen partiduaren harira ekitaldi eta protestak antolatu dira hirian. Hainbat eragilek antolatutako egitaraua egongo da BDZ (Boikot, Desinbertsioa eta Zigorrak) kanpainaren barruan.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko abenduaren 20a
Baskoniako zaleak Palestinako banderekin (Arg.: palestinalibre.org)

Antolatzaileek Maccabi taldea ongi hartua ez dela erakutsi nahi dute, Palestinako herriaren aurka Israelek egiten dituen gerra krimenen konplize dela arrazoituz.

Hitzaldi eta ekimen ugari antolatu dituzte egunotarako. Abenduaren 21ean “Preso palestinarren borroka” izenburudun hitzaldia egingo da Etxerat elkartearen egoitzan. Bertan Isabel Perez Gazan bizi den kazetaria eta Mussaáb Bashir PFLPko preso ohi palestinarra arituko dira.

Abenduaren 27an jarraituko du egitarauak “Maccabiri Boikota. BDZ eta kirol arloa” hitzaldiarekin. Koldo Alzola Uhintifada Palestina eta palestinarren elkartasun mugimenduen inguruko informazio irratsaioko kideak emango du hitzaldia Oihaneder Euskararen Etxean.

Azkenik, partiduaren egunean elkarretaratze bat egingo da arratsaldeko 17:00etan. Ondoren kalejira izango da Indar Baskonia zale taldearekin.