“Haserre gaude” lelopean deitu dute protesta Etxalde, Hiru, ESK, Steilas, ELA eta LAB sindikatuek, “osasuna, enplegua eta lan baldintzen defentsan”. Ezinbestekoak ez diren lanak etetea eta beharrezkoak direnak osasun bermeekin egitea aldarrikatuko dute, besteak beste.
Euskal Herriko gehiengo sindikalak protesta eguna deitu du martxoaren 25erako. Koronabirusaren krisiari ematen ari zaion erantzuna kritikatu dute sindikatuek. Salatu dute ezinbestekoak diren lanak beharrezko prebentzio neurririk gabe ari direla egiten langileak, “arrisku” egoeran. Eta beharrezkoak ez diren arloetako langile asko lanean ari direla, behartuta eta segurtasunik gabe. Interes ekonomikoak osasunaren gainetik jartzea leporatu diete agintariei eta enpresariei.
Krisia langileen bizkar
Sindikatuen esanetan, patronalak eta gobernuek “berriz ere” krisia langileek ordaintzea nahi dute: “Aurreko krisia langileei ordainarazi ziguten, eta, orain, patronalek eta gobernuek nahi dute osasun krisia ere guk ordaintzea”. Lan baldintzetan eta lan postuetan galerarik ez egotea exijitu dute.
Horregatik guztiagatik “haserre” daudela adierazi dute sindikatuek, eta langileak eta herritarrak deitu dituzte ostiralean protesta egitera, “bakoitzak dituen baliabideekin”: lan etenak, argazkiak, burrunbak...