argia.eus
INPRIMATU
Protesta egin dute EHUko aurre-doktoreek lan baldintzak kaskartzearen kontra
  • Ikertzaile Aurre-doktoreen Asanblada sortu, eta protesta egin dute EHUko ikerlariek. Kexu dira EHUk Espainiako Gobernuarekin batera aurre-doktoreen kontratu mota “aldebakarrez eta gardentasun gutxiz” aldatu duelako.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko martxoaren 16a
Leioan egindako manifestazioa. (Arg.: Aurre-Doktoreen Asanblada)

Zabaldu duten oharrean azaldu dute sortu berri den asanbladak 280 ikertzaile baino gehiago biltzen dituela. “Kontratuetan egindako aldaketarekiko desadostasun irmoa” adierazteko kontzentrazioak eta manifestazioak egin zituzten asteartean EAEko hiriburuetako campusetan. Leioan beren eskakizunak helarazi zizkioten errektoretzari.

Unibertsitateak kontratuen izaera aldatu du, eta ikertzaileek “irmoki” uste dute kontratu berriek “ikertzaile gazteen egoera are prekarioagoa bilakatu eta kolokan jartzen dutela”. Kontratu aldaketa egiteko moduagatik ere kexatu dira: “kaltetutakoei ez digute e-mail bakar bat ere bidali aldaketa asmoaren berri aspalditik zuten arren”.

Gizarte Segurantzako Ministerioak baieztatu die aurre-doktoreen kontratu berriek eskubide guztiak mantentzen dizkietela, baina aldaketaren ondorioekiko desinformazio orokorra dagoela salatu dute: “Inork ez digu bermerik eman izan ditzakeen eragin errealei buruz”.

Horren aurrean, hainbat eskaera egin dizkiote errektoretzari: kaltetutako taldeen egoera zehazki argitzea, aurre doktoreen kontratu guztiak lehengo formatura itzultzea, kolektiboaren eskubide eta interesak bermatzea, lan baldintza ezegonkorrak duintzeko hitza ematea, eta aurrekoari buruz erantzuna epe laburrean eta gardentasunez ematea.

Helburuak lortzeko beharrezkoak diren bideetatik presioa egiten jarraituko dutela baieztatu dute.