argia.eus
INPRIMATU
Protesta Donostiako Gogoko Goxuak kafetegian langileei ordaintzeko eskatuz
  • Donostiako Gipuzkoa Plazan protesta egin dute LAB, Ernai eta Donostiako Langileen Babes Sareak, Gogoko Goxuak kafetegiko jabeek langileekin dituzten zorrak salatuz. Atean jarri dira pankarta eta kartelekin eta eskuorriak banatzen aritu dira kalean zebiltzanei. Kafetegiak hutsa amaitu du.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2017ko ekainaren 30a
Protesta Gogoko Goxuak aurrean. (Argazkia: L. Arbelaitz)

LAB sindikatuko Ekaitz Telleriak azaldu duenez, hainbat langilek eta langile ohik jo dute beraiengana laguntza eske, hainbat hilabeteko soldatak ez dizkietela ordaindu salatuz. "Normalean enpresa honek egiten du bizpahiru hilabeteko soldata ez ordaindu langilea joan egin dadin, ez duelako kobratzen, ezer erreklamatu gabe. Langileak beraz, hainbat hilabetez izaten ditu dohainik". Joan den gabonetan kanpaina abiatu zuen LABek.

Maiatzean bi langilek bina hilabeteko soldata ez zietela ordaindu, eta beste batek baja medikua hartzean kaleratu egin zutela jakinaraziz berengana jo ostean, protesta kanpaina abiatzea erabaki dute.

LABen estimazioen arabera, lau urtetan 600 langile pasa dira enpresa horretatik, eta horietatik 25 baino gutxiago dira erreklamazioa jarri dutenak. "Honek esan nahi du 575 lagunetik gorak ez dutela beren soldata kobratu, eta enpresak diru hori aurreztu duela. Hau prekarietatearen adibide oso garbia da".

Bideo honetan ikus daiteke protesta kafetegi barruan.

LAB, Ernai eta Babes Sareak udan Gogoko Goxuak enpresaren aurka kanpaina egingo duela jakinarazi dute, "baita turismoaren aitzakipean langileen prekarizazioan sakontzen duten enpresen aurka ere".