Kutxabank “publiko eta soziala” aldarrikatzeko mobilizazioak deitu dituzte hainbat eragilek ostiral honetarako.
Donostian egin dute deialdia, Andia kalean, Kutxaren batzar orokorrarekin bat eginez. Izan ere, ostiralean bozkatuko dute Kutxa banku fundazio bihurtuko den ala ez –Kutxa 15 patronoren esku geratuko litzateke erabakia aurrera ateratzen bada–.
Batzarra 16:30ean hasi den arren, aurretik, 11:00etan, kanpaldia egin dute hainbat eragilek: etxegabetzeen kontrako mugimenduak, gazte asanbladak, auzo elkarteak, erretiratuak edo IRPHak kaltetutakoak zeuden mobilizatzera deituta, besteak beste.
Protestok bertatik bertara jarraitzen ari dira Axier Lopez eta Lander Arbelaitz ARGIAko kazetariak. #KutxabankPublikoa etiketan ere mugimendu handia izaten ari da egun osoan.
Sindikatuak eta Aldundia ere kontra
Herri mugimenduez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ELA eta LAB sindikatuek ere adierazi dute hartuko den neurriaren kontra daudela.
Info7 irratiari eskainitako elkarrizketan, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi du “operazio tekniko” gisa aurkeztu dutela Kutxabanken pribatizazioa.
Batzarrera sartu baino lehen Ainhoa Beola EH Bilduko ordezkariak honako adierazpenak egin ditu.