argia.eus
INPRIMATU
Israelgo enbaxadoreari protesta artean egin diote harrera Eusko Legebiltzarrean
  • Israelgo enbaxadore Daniel Kutnerren bisita izan du eguerdian Eusko Legebiltzarrak. Segurtasun eta protesta ugarien artean, Parlamentuko atzeko atetik sartu behar izan da Espainiako erresuman entitate sionistak duen ordezkaria.

Ibai TrebiƱo @ibaitrebino 2016ko otsailaren 09a
EH Bildu koalizioko parlamentariek oihu artean jaso dute Israelgo enbaxadorea. EH Bildu koalizioko parlamentariek oihu artean jaso dute Israelgo enbaxadorea.

Eusko Legebiltzarrak harrera beroa egin dio Israelgo enbaxadoreari. "Israel eta Euskadiren arteko adiskidetasunaren seinale", Parlamentuko mahaiko presidente Bakartxo Tejeriaren  eskutik jaso ditu Kutnerrek Eusko Legebiltzarreko ikurra eta Linguae Vascorum Primitiae liburuaren kopia bat. Ondoren ekin diote ordu erdiko bilera pribatuari.

Segurtasun neurri handien artean heldu da diplomatikoa Parlamentura. Mobilizazioak direla eta atzeko atetik sartu behar izan da. EH-Palestina sareak deituta, ehun bat pertsonek hartu dute parte enbaxadorearen bisitaren aurkako kontzentrazioan. Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako oihuak entzun dira ordubetez luzatu den elkarretaratzean. Askapenako kide Xabier Lasak ARGIAri egindako adierazpenetan, "Israeleko adierazpen politiko edo kultural ororen presentzia Euskal Herrian" salatu nahi izan dute manifestariek. Lasaren esanetan "onartezina da guztiona den Parlamentuan Palestinaren genozidioa eta apartheid politikoaren arduradunari harrera egitea" eta EAJk enbaxadorearen bisita ezkutarazi egin duela salatu du. «BDS kanpainarekin jarraitzeko konpromisoari eutsiko diotela» adierazi du EH-Sareko ordezkariak eta "okupazioa sufritzen duen herri palestinarrari babesa emateko" deia luzatu dio Euskal Herriari.

EH Bildu enbaxadorearen presentziaren aurka

EH Bilduko parlamentariek ere protesta egin dute Israelgo enbaxadorea Parlamentura heldu den unean. Legebiltzarreko harreran, alderdi abertzaleko kideek Palestinaren aldeko eta Israelen aurkako kartelak erakutsi dizkiote entitate sionistaren ordezkariari eta tentsio uneak izan dira. Kanpoko mobilizazioarekin bat egin aurretik, parlamentari ezkertiarrek "Palestina askatu" eta "Israel hiltzaile" oihu artean agurtu dute Daniel Kutner.