Prostituzioan ari diren edota bazterketa egoeran dauden emakumeekin lanean 35 urte daramatza Askabide elkarteak, haien beharrei erantzuteko eta haien egoera hobetzeko laguntzen. Berdintasunaren aldeko aurtengo Emakunde Saria jaso du elkarteak.
Beren lanean, bi arlo nagusi azpimarratu ditu Miriam Santuorcuato Askabideko presidenteak: batetik, indarkeriaren prebentzioa, “emakume prostitutek etengabe sufritzen dutena”; bestetik, emakumeen ahalduntze eta trebakuntza, aukera gehiago eta aukeratzeko askatasun handiagoa izan dezaten. Epaimahaiaren arabera, Askabidek lortu du emakume horientzako topaleku izatea, euren kezkak, beharrak edo ametsak berdintasunez partekatzeko.
Botere harreman desorekatuetan oinarritua
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, “sari hau 35 urte baino gehiagoko ekarpenari ematen zaio, prostituzioari emakume bakoitzaren nortasunen eta bizi-esperientzien dimentsio indibidualetik eta, aldi berean, dimentsio sozio-komunitario batetik heldu dion esku-hartzea” gogoan. Nabarmendu du feminismoaren barruan ere hainbat jarrera daudela prostituzioaren inguruan, eta bere ustez, prostituzioa dela “botere harreman desorekatuetan oinarritutako praktika, bai emakumeen eta gizonen arteko eta bai herrialde aberats eta txiroen arteko desberdintasunean”, eta testuinguru horretan egoteak desberdintasun hori indartu besterik ez duela egiten.