argia.eus
INPRIMATU
Proposatu Argia Sarietarako zure hautagaiak
  • 2023ko urtarrilaren amaieran banatuko ditugu, beste urte batez, euskarazko komunikazioaren Argia Sariak. Sarien prestaketa martxan da dagoeneko, eta zabalik dago hautagaiak bidaltzeko epea.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 02a

ARGIAn aspaldi ari gara zeregin horretan, baina orain da etxeko atea zabaltzeko unea, hala nahi duten herritarrek ere hautagaiak aurkez ditzaten. Hautagai guztien azterketa egin ondoren, ARGIAko lan taldeak erabakiko ditu irabazleak. Gu etengabe ari gara kazetaritza lanen artean, gure zeregina da, egunerokoa, baina asko ekoizten da egun euskal hedabideetan eta denera iristea ez da samurra. Beraz, zuen proposamenak biziki eskertzen ditugu.

Komunikazio eta kazetaritza sariak dira, eta bost atal banatzen ditugu: prentsa, irratia, ikus-entzunezkoa, internet eta gizarte mailako komunikazio kanpaina. Komeni da sari proposamena ahalik eta ondoen argudiatzea. Bidali proposamenak argiasariak@argia.eus helbidera. Azaroaren amaiera arte izango da horretarako aukera.

Azken urteetan, pandemia dela-eta, sari-banaketa ez-ohiko moduan egin behar izan dugu, baina okerrik ezean ohiko formatura itzuliko dira Argia Sariak datorren urtarrilean eta Usurbilgo Atxega jatetxean elkartuko gara berriz. Aurreko edizioetako sariei buruzko informazioa Argia Sarien kanalean aurkituko duzu.