2024ko urtarrilaren azken ostiralean banatuko ditugu, beste urte batez, euskarazko komunikazioaren Argia Sariak. Sarien prestaketa martxan da dagoeneko, eta zabalik dago hautagaiak bidaltzeko epea.
ARGIAn aspaldi ari gara zeregin horretan, baina orain da etxeko atea zabaltzeko unea, hala nahi duten herritarrek ere hautagaiak aurkez ditzaten. Hautagai guztien azterketa egin ondoren, ARGIAko lantaldeak erabakiko ditu irabazleak. Gu etengabe ari gara kazetaritza lanen artean, gure zeregina da, egunerokoa, baina asko ekoizten da egun euskal hedabideetan eta denera iristea ez da samurra. Beraz, zuen proposamenak biziki eskertzen ditugu.
Komunikazio eta kazetaritza sariak dira, eta bost atal banatzen ditugu: prentsa, entzunezkoa, ikus-entzunezkoa, Internet eta gizarte mailako komunikazio kanpaina. Merezimenduzko sari berezia ere banatu dugu hainbat ediziotan.
Komeni da sari proposamena ahalik eta ondoen argudiatzea. Bidali proposamenak argiasariak@argia.eus helbidera. Azaroaren amaiera arte izango da horretarako aukera.
Pandemiako urteetan sari-banaketa ezohiko moduan egin ostean, 2023an Usurbilgo Atxega jauregira itzuli ginen, eta irabazleak eta euskalgintza zein kulturgintzako gonbidatuekin bertatik bertara ospatzeko tartea izan genuen. Halaxe izango da 2024ko Argia Sarietan ere, eta urtarrilean elkar ikusiko gara sari banaketan.
Aurreko edizioetako sariei buruzko informazioa Argia Sarien kanalean aurkituko duzu.