argia.eus
INPRIMATU
Proklamazioa
Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2014ko ekainaren 19a
EAEko Lehendakaria eta Espainiako Errege ohia, artxiboko irudian.

Urkullu jauna Euskadiko Autonomia Erkidegoko biztanleen Lehendakaria da eta ni ez naiz fio haren hitzez. Eta, gainera, ez naiz berarengandik ordezkatuta sentitzen. Euskal Herrian bertan eta hemendik kanpo darabilen diskurtso kontenplatiboa ez da bertoko herritarren kopuru handi baten nahia asetzeko bestekoa. Gehiengoaren nahia, hain zuzen ere.  Euskal Herritik kanpora egiten dituen bidaietan, gainera, harro barik, inoren lotsa sentiarazten didan portaera darabil Urkullu jaunak. Gogoratu besterik ez Amerikako Estatu Batuetara egin zuen lehendabiziko bidaian, New Yorkeko Eusko Etxera hain zuzen ere, haren presentziak eragin zituen euskaldunen arteko liskar eta zentsurak. Ordukoaz damututa egongo dela egingo nuke apustu. Bestela, kaudillotxo baten jarrera eta portaera onartezin bezain ulertezina litzateke orduko hura.

Bestalde, arrazoi du Ibarretxe lehendakari ohiak dioenean arazoa etxean dugula eta ez inorenean. Ez dago historian oso atzera egin behar hau baieztatzeko. ETAk eta Ezker Abertzaleak beti izan dute erreferente Espainiako Gobernua balizko negoziazio baten aurrean, haiek direla onartuta edo, gu nor garen eta zer izan nahi dugun erabakitzeko aginpide bakarra dutena. Eta EAJk uste du Espainiako Estatuak duela giltza bertoko ate guztietako giltzarrapoak irekitzeko (errege-gaiari belarri ondora xuxurlatuko omen dio Urkullu jaunak Euskal Herria different dela). Hau da, alde bietako hitzarmen baten bidez lortuko direla estatus berri baten gauzatzea edota negoziazio baten osteko konponbidea.

Eta Ibarretxe jaunak dio geu garela geure buruaren jabe erabakiak hartzeko. Orain, antza, konturatuta gabiltza aldebikotasunaren paradigma zaharkiturik geratu dela eta aldebakartasunarena jarri behar dugula indarrean. Edo bestela esanda, Euskal Herria (Euskadi) subjektu politikotzat jotzen dugun unetik bertatik hasiko garela geure buruaren jabe izaten. Eta norberak erabakitzeko eskumen, gaitasun eta eskubidea ez direla inori eskupekoa eskatzen ibiltzekoak.

Zentzu horretan, bada, ezin da ulertu Espainiako Borboiaren Errege proklamazio instituzionalean Urkullu jaunaren parte-hartze ezinbestekoa, bere burua errepublikazale duenean, antza. Presentzia kritikoa egingo duela dio berak, baina ematen du subdito leialak errege berriari pleitesia eta belauniko menpekotasuna (burua zilarrezko bandejan eskainia) aitortzeko ekintza-eskaintza zalantzagabekoa dela, Espainiak EAEn duen ordezkari nagusienak egin beharrekoa.

Horrelako ekitaldi instituzionalean gizalegez jokatzea ondo baino hobeto ikusiko luke euskal herritarrak, Euskal Herriko Estatuaren Lehendakaria gonbidatu hurko gisa agertuko balitz, mendeetan zehar izan dugun harreman estuaren errespetua agertze aldera.