Xabi Harluxetek Ahatsako Harrokirigai familiako etxaldearen ardura hartu berria du bere gain. Behi esne ekoizle, orain esnearen transformazioari ekingo dio, aldi berean produkzio osoa biologikora pasatuz.
Etxaldea presentatzen ahal daukuk?
Harrokigaraian baditugu 25 behi esnedun eta hazkuntza bestalde, 30 hektaretan. Badu hamar bat urte hasi girela Holsteinetarik Montbéliardetarat pasatzen. Mementoan erdiz erdi dugu tropa. Bost hektara arto egiten dugu, gaineratekoa pentzeak. Bada malda eta ordoki, denetarik.
Urtea instalatua hizala. Moldaketa zonbait abiatu dituk...
Bai biologikorat pasatzea erabaki dut. Konbertsioko bigarren urtean niz. Helduden urtarriletik goiti biolojikoan izanen niz. Ene proietuan da ere transformatzeko sala baten lekuan ezartzea : udan hasiko gira lanetan, helduden urtean abiatzeko transformazioa. Ondoko urteko (2015ko), “séchage en grange” belar idortze sistima, aspaldi gogoan dutana, martxan eman nahi nuke etxean. Luzernaren idorrazteko gehien bat. Joan den urrian erein dut, ikusteko nola heldu den... Lehen aitak egiten zuen luzerna. Orroit niz bostpasei kupa egiten ginituela urtean. Gisa hartako lurrak badira gure etxean. Plastika pean ezartzen ginituen. Nik idorrarazi nahi nuke.
Bazka autonomiari buruzko urratsa dituk...
Ene helburua troparen ttipitzea da, idor guzia etxetik ekoizteko, zerealak baizik ez erosteko. 30 behi baginituen, zonbait kendu ditut, hortarat heltzeko. Biologikoan, egin ahala autonomoa izaitea da jokamoldea. Meteila erein dut aurten. Parte bat zereala gisa bildu nahi nuke, gutiago erosteko. Menturaz aurten ensilatu beharko dut, belar ensilajaz eskas izanen bainiz.
BLErekin lan egiten duk ainitz...
Bai ainitz gauza egiten ditut eta egingo ere. Formakuntza mailan bereziki, aberastasun haundia ekartzen dute. Biologikorat pasatuz, lana berriz ikasten ari dut, beste teknika batzurekin. Formazioak maila guzietan dira, aromaterapian izan ala lurren kartografian. Kartografian preseski, xantza ukan dugu gure lurrak analisatu baitituzte Herodyrekin. Gaitzeko lana egin dute.
Zerek bultzatu hiu biologikorat pasatzera?
Betidanik transformazioa gogoan ukan dut. Hortarako kalitatea, etxeko kalitatea, eskaini behar da eta bururaino joaiteko desmartxa hortan, biologikoak du gehienik emaiten. Bide hortan joanago eta kontentago niz hautu hori eginik.
Transformazioa abiatzean, zer ekoiztuko duk?
Iaurtak nahi ginituzke ekoiztu. Hasiz bezala ikusiko dugu besterik zer, bainan joanago eta gama osatuagoa eskaini nahi ginuke: gasna, gasna xuria, burra... Saltzeen arabera ikusiko dugu. Sail hortan ari direnekin mintzatu gira : nik staja Brust-en etxean egin nuen Arrosan, anaia Lekornen Dubois-ren etxean da stajan mementoan. Jon Harlouchet-ekin ardura ikusten gira ere. “Etude de marché” ez dut egina, komertzializazioa pixka bat ezezaguna da. Ez dugu dena hemendik salduko, kostarat joan beharko da. AMAPetan esneki galdea badela diote. Merkatuak egin beharko dira ere... Behi esne transformazioan direnak aski kontent dira, martxan da irudiz.
Behi esne saila krisan duk. Gazte guti instalatzen duk. Bide bakarra transformazioan ote dea geroari buruz?
Nik, betidanik, ez nuen esnea leteria edo koperatibari saldu nahi, prezioa pekozolan baita. Ez dakit bide bakarra denez, agian ez. Denek ez baitute transformatzen ahal, lekurik ez baita ere menturaz, esnea behar baita ere. Segur da zerbait mugitu behar dela, ez baita oraiko bide hortan segitzen ahal. Joan den udan, esnearen prezioa 260 eurotan egon da hiru hilabetez. Ez da batere gora ! Ahatsan bagira lauzpabost behi esne ekoizle, gehienek segida dutena. Ainitzek tropa ttipitu dute pixka bat, etxeko bazkekin aritzeko egin ahala. Zerbait ateratzen dutela horrela diote bainan zaila da prezioa hein hortan izanez.
Aipatu duk hire anaia, ixtante hirekin instalatzeko ideian duk?
Bai. Mementoan BTSko azken urtean da. Helduden urtea transformazioari buruz ikasten pasatuko du, Aurillac-eko zentroarekin hain segur. Eta aski fite plantatuko da ondotik. Nahi ginuen biek etxaldean instalatu. Errextasuna emanen dauku lan moldean ere. Ni bakarrik behi deizten bizi guzia ez dut ikusten. Harek ere ez hain segur. Inportanta da moztea artetan.
Gazte taldeko kide hiz. Zendako, zer ekartzen dauk?
Inportanta da militante lanaren eramaitea. Taldean beste laborari batzu ikusten ditut, gure lanaz, esperientzietaz, proietuetaz mintzatzen gira, kontseiluak elgarri emanez. Besta zonbaiten egiteko estakurua da ere, nahiz alde seriosa nagusitzen den!
Hergaraiko laborantxa nola doa ? Eta geroari buruz, nola ikusten duk ipar Euskal Herriko laborantxaren egoera ?
Ni beti baikor niz ! Jendea ari da laborantxa berriz pentsatzen. Luzaz arizan gira produkzioa eta produkzioa egin nahiz. Orai, ttipitzeari buruz hasten dira batzu. Ez da gibelerat egitea, aintzinera so egitea da enetako. Bazka prezioen goititzeak karkulak eginarazten ditu jendeeri eta hobeki arrazoinatzen dugu ororen buru. Gure auzoan berean, etxalde guzietan segida bada, gazteak badira, untsa aditzen gira, nahiz ez beti ideia berdinekoak izan, eta elgarrekin ari gira lanean, hori inportanta da. Geroari buruz baikor niz, 24 urtetan ez badut hola ikusten, marka txarra litaike halere!
[Laborari astekaria, 1.015 zenbakia, 2013-03-14]