Aplikazio berri bat sortzeko elkartu dira Ekologistak Martxan taldea, ingurumeneko agentziak eta zenbait ikertzaile. Tresnari esker, kontsumitzaileek erosten dituzten produktuen sustantzia toxikoen berri izango dute.
Aplikazioa Life Ask REACH proiektuaren parte da. Sakeleko telefonoaren eskanerraren bitartez produktuen barra kodea irakurriko du eta ondoren, produktua toxikoa den ala ez adieraziko dio erabiltzaileari. 2019an egingo dute publiko.
“Osasunerako eta ingurumenerako kaltegarriak” diren substantzia toxiko jakin batzuen erabilera ohikoa dela adierazi du Ekologistak Martxan taldeak. Enpresek produktuaren inguruan ematen duten informazioa eskasa dela ere gaineratu du.
Elikagai eta produktu kosmetiko batzuek ematen dute haien konposizioaren berri, nahiz eta askotan informazio hori “ezkutatuta egon edo irakurgaitza izan”. Arropa, jostailu eta altzarietan, aldiz, ia ezinezkoa da horrelakorik aurkitzea.
Hortaz, enpresak substantzia toxikoak erabiltzen ari dira kontsumitzaileak konturatu gabe. Aplikazio berriak egoera hau aldatu nahi duela diote Ekologistak Martxan-eko kideek.