Kataluniako Barne sailburu Miquel Buchek Mossoei eginiko auditoria aurkeztu du ekainaren 29an, process-aren sententziaren osteko protestetatik zortzi hilabete pasatu direnean. Auditoria hau Kataluniako poliziari eginiko "historiako handiena" dela adierazi du eta iragan udazkenean mossoek eginiko 34 ekintza zehatz aztertuko ditu, zeinetan 50 mosso dauden inplikatuta. Kataluniako Barne sailak aurkezpenerako sarrera ukatu die hainbat hedabideri, besteak beste, Directa eta Nació Digitali.
Kataluniako politikarien aurkako sententziaren ostean herritarrek protesta ugari egin zituzten: Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera, 877 manifestazio. Mossoek hauen aurka eginiko 34 ekintza ikertzen ari da Kataluniako Barne saila. Hauetatik kasuen erdiak dagoeneko epaitegietan aztertzen ari dira eta beste 17ak barne mailan ikertzen ari dira. Oraingoz mosso hauei ez zaie inolako zigorrik ezarri. Datu horiek irakur daitezke Vilaweb hedabidean.
Directa hedabideak jaso duen informazioaren arabera, auditoria honek ikertutako ekintzen artean daude araudia urratuz buruan jotako kolpeak, polizia kotxeetan modu desegokian megafonia erabiltzea, furgonetekin manifestariak ia harrapatzea eta foam balekin gorputzeko atal sentikorretan lesioak eragitea.
Directa hedabideko Jesús Rodríguezek artikulu honetan azaldu du igandean, auditoria honen aurkezpenaren bezperan, jakinarazi ziola Barne sailak hedabide honi ukatu egiten ziola bere kazetari bati bertara joateko sarrera, "epez kanpo" eskatzeagatik. Directak dio ez zutela prentsaurrekoan akreditazioa eskatzeko baldintza eta epeak zehazten zituen prentsa-oharrik jaso. Beste hedabide hauek ere ukatu zaie prentsaurrekora joateko aukera: Nació Digital eta TVEko erreportari bati. Prentsaurrekoa 30 kazetariren aurrean eman dutela eta areto horretan 450 eserleku badirela oroitarazi du Directako kazetariak.