argia.eus
INPRIMATU
Procésa epaitzearen aurkako Madrilgo manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte
  • ANC Asanblea Nazional Katalanak antolatuta, manifestazioa egingo dute martxoaren 16an Madrilen, Procésaren kontrako epaiketa salatzeko. Euskal Herritik ere autobusak antolatu dituzte, Zutabe Antifaxista lelopean. Bilbon, Iruñean eta Gasteizen eman daiteke izena.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 13a

Amnistia, autodeterminazioa eta antifaxismoa aldarri, Madrilgo manifestazioa jendetsua izatea denon mesedetan izango dela dio Zutabe Antifaxistak: “Estatu espainolak zapaldutako herri eta langile guztion interesen aldeko ekintza historiko bezala ulertu behar dela uste dugu guk. Izan ere, elkartasun internazionalista ‘huts’etik harago doan betebeharra da honakoa, 1939an hiru urteko Herri Erresistentzia Antifaxistaren ondotik boterean ezarritakoen erregimenaren jarraikortasuna zein, honen ondorioz, estatutaren faxismoak zapaldutakoon arteko elkartasun eta batasun premia langileriaren eta herri sektore aurrerazale guztien bistara dagoelako”.

“Espainolismoa da estatu honetan legala eta onartua den faxismoaren forma nagusietakoa”, diote, eta beraz, “baieztatu dezakegu gaur egun hemen, kapitalismoaren eta espainolismoaren aurkako herri borroka antifaxistak eskutik doazela”.

Izena non eman                     

Bilboko Antepara tabernan (Barrenkalen), Iruñeko Ezpala tabernan (Iturraman) eta Gasteizko Mi tabernan (Tenerias kalean) eman daiteke izena, autobusa hartzeko.