argia.eus
INPRIMATU
Everest: Euskal Espedizioak 40 urte
Herri oso batek bere egin zuen lorpena
  • Gaur, maiatzak 14 dituenean, 40 urte betetzen dira Euskal Espedizioko kide Martin Zabaleta hernaniarrak eta Pasang Temba xerpa nepaldarrak Everest (8.848 m) igo zutela.

Jon Torner Zabala @jtorner 2020ko maiatzaren 13a
Pasang Temba xerpa Everesteko tontorrean, Zabaletak egindako argazkian.

“Alpinismoan ez dugu divo izaerarik” zioen Zabaletak 1980an, Barajasko aireportuan lur hartu ostean: “Gurea talde lana izan da, eta gailurra Euskal Espedizioak lortu du. Niregana etortzen zarete galdezka, lorpen honen meritua talde oso batena denean”.

Hamabi mendizalek osatu zuten espedizioko kideetako bat Xabier Erro lesakarra zen (1946-2018). Hark ere nabarmentzen zuen taldea zegoela norbanakoaren gainetik. Gorka Azkaratek 2015ean ARGIArentzat egin zion elkarrizketan halaxe zioen: “Gailurra Martinek bakarrik zapaldu zuen arren, guztion garaipena izan zen hura. Espedizioaren helburua gailurra lortzea zen eta lortu genuen. Segurtasuna eta elkartasuna ziren gure espedizioaren ardatzak, beste ezeren gainetik. Taldeko kide batek gailurra jo zuenez, hantxe bukatu zen espedizioa”.

Kontatu zuenez, 1974ko Tximist espedizioan bezala 1980koan ere Cegasa enpresa zegoen atzean, baina Bilboko Udal Aurrezki Kutxak 8 milioi pezeta eman zituen. “Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko udal askok diruz lagundu zuten espedizioa. Oraindik ere idatzita daukat koaderno batean udal bakoitzak eman zuen diru kopurua. Nafarroako Erriberako udal askok ez ezik, Ipar Euskal Herriko udal askok ere lagundu zuten diruz. Horrek eman zion benetako naziotasun izaera espedizioari. Aldaketa garaia zen eta sekulako ilusioa genuen alde horretatik ere”.

Espedizioko hamabi kideak, kanpamentu nagusian. 1980ko martxoaren 22an iritsi ziren hara. ETAren anagramadun ikurrina, nuklearren aurkako bandera eta Nepalgoa ikus daitezke zutoinean. Atzealdean, Izotzezko ur-jauzia / Argazkia: EMMOA Fundazioa

Erroren hitzetan, garaipen politikoa ere izan zen nolabait, haien balentria hura: “Guk baino lehenago oso nazio gutxik zeukaten Everest igota, eta arrakasta itzela izan zen hura Euskal Herriarentzat. Oihartzun handia izan zuen albisteak, eta itzuli ginenean jasotako omenaldi eta gainerakoak ildo horretatik joan ziren. Gailurrean ikurrina jarri genuela-eta, Lorente eta Rosen espedizio-buruak komisariara deklaratzera deituak izan ziren behin etxera itzuli ostean, hortik atera kontuak!”.

Lotse Shar, kondizio minimoetan

Ia 15 urte lehenago, 1981ean, Lotse Shar mendira (8.383 m) egindako espedizioaz elkarrizketa egin zion ARGIAk Errori. Besteak beste, kontatzen zuen espedizio horretarako hiru milioi pezeta lortu zituztela. "Himalayako zortzi mila metrotako mendia egiteko behar den espedizioa montatzeko, oso diru gutxi duk. Everest egiteak 16 milioi eraman zizkian. Hortik aparte, han filmatutako materialarekin hemen filma egiteak beste bost milioi eraman dizkik. Beraz, filma eta guzti 25 milioi. Eta oraingo honetan hiru milioirekin egin behar izan diagu dena (...) Everesteko hartan kondizio onenetan mugitu gintuen. Katmanduko hotel onentsuenetan, haize akondizionatuarekin... Orain aldiz, hotel merke batetan. Bestalde, Everest egiteko hogeita hamar sherparekin kontatzen genian eta oraingo honetan birekin bakarrik. Osea, kondizio minimoetan joan gaituk azken hau egitera".

Everest-era egindako 1980ko Euskal Espedizioaz EMMOA Fundazioak osatutako argazki-galeriatik hartutako irudia: Maiatzaren 4an Javier Garaioa nafarrak eta Nin Temba xerpak Hegoaldeko tontorra igo zuten, tontor nagusitik 90 metrora baino ez dagoena. Berandu zenez (14:30) eta oxigeno gutxi zutenez, Hegoaldeko leporantz jo zuten.

Espedizio “oso aberasgarria” izanik ere, gutxigatik baina ez zuten tontorrera iristerik lortu. Bueltakoan, harrera ez zen izan Everest igo ostean bezain beroa... “Kolpe handi xamarra izan duk. Everest egin genuenean, puff, dena zera huen, handia, kristorena. Orain berriz frakasoa. Oraingo honetan, lan gehiago eta hobea egin eta... Guretzat oso aberaskarria izan duk espedizio hau. [Everest egin genuenean] montaia handia egin huen. Publizitatea oso ongi egina eta guzti hori. Orain, hartu gaituzte... ba dakizue, 'como unos buenos chicos'. Tabernetan, eskua bizkarretik pasa eta... bueno horrelako esaldiak entzuten dituk: 'Oraingoan ez baduzue lortu, hurrengoan... azkeneko hirurehun metro horiek egin bagenitu, besterik litzateke. Azkenean, jendeak ulertzen ez duena zera duk: dabilenentzat ez dagoela diferentzi handirik. Egin edo ez egin... ez zekiat".

Felipe Uriarte, "Tximist" espedizioaz

1973an, euskaldun mendizaleek Everest igotzeko lehen saiakera ("Tximist" operazioa) egin baino lehen, espedizio hartan eta 1980koan parte hartu zuen Felipe Uriarte elkarrizketatu zuen Zeruko Argia aldizkariak. "Gure helburua hauxe duk: taldeko bi, edozein gailurretara irixtea", zioen. "Bakoitzak jakina, bere barruan, nork berak igo nahi lukeala pentsatzen dik; baina, gailurrera igotzeko aukeratuak izango direnei, prest gaudek laguntzeko". Bestalde, bi aholku ematen zizkien mendizale gazteei: "A) Benetako mendi kirola, gogorra denez gero, eskalatzen hasi berriak direnentzat batipat, mendizaleak preparazio haundia eta berezia behar duela. Nere ustez, gutxienez, astero behar liake entrenatu. B) Eskalarien akats haundiena zera dela, harrokeria eta fanfarroikeria; apaltasuna berriz birtute gorena. Lehenengoa utz dezagun mendizaleok eta bigarrena geuregana dezagun".

Asteburuan mendira ikurrinarekin joateko deia

Euskal selekzioaren aldeko Gu ere bai! ekimenak dei egin du asteburu honetan mendira ikurriñarekin joan eta tontorretan argazkiak egiteko. “Etxekoekin, bakarka, segurtasun neurriak mantenduz… argazki koloretsuz beteko ditugu gure sareak, gure mugikorretatik lagunei erakutsiko diegu eta guztion artean euskal mendizaletasunari omenaldi herritarra egingo diogu, zazpi lurraldeetan”. Twitterren #ikurriñamendian eta #guerebai traolak baliatuko dira argazkiak zabaltzeko.

Argazki erakusketa birtuala

Euskal Espedizioaren balentria hura omentzeko, EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioak argazki erakusketa zintzilikatu du sare sozialetan; Facebook / Twitter

Komikia

2018an Everest, 1980ko euskal espedizioa - Herri oso bat gailurrean komikia plazaratu zuten Ramon Olasagastik eta César Llagunok SUA argitaletxearekin.