Europako 19 herrialdetako 9 eta 16 urte arteko gazteek Interneten dituzten esperientziak ikertu ditu EU Kids Online behatokiak: ziberjazarpena, eduki kaltegarriak ikustea, datuen erabilera okerra, sextinga, Internet bidez ezezagunekin harremanetan egotea eta abar. 2020ko txostenean irakurri daitekeenez, esperientzia txar bat dutenean, batez ere familiarekin edo lagunekin hitz egiten dute adin txikikoek, eta oso gutxitan irakasleekin edo beste profesional batzuekin.
Segurtasunari buruzko aholkuak
Ikertzaileen esanetan, sareko jarduerak ezin dira modu orokor eta behin betikoan positibotzat edo negatibotzat jo; izan ere, jarduera berdinak ondorio positiboak izan ditzake gazte batentzat eta negatiboak bestearentzat. Horixe da Interneten ezagutu dituzten pertsonekin elkartzean gertatzen dena. Gazteen %5 (Frantzia) eta %25 (Serbia) artean, sarean ezagututako pertsona batekin elkartu ziren. Kasu gehienetan pertsona berriak ezagutzea esperientzia positibo eta interesgarria izan zen haientzat. Aldiz, kasu batzuetan esperientzia horrek “ondoeza” eta “balizko kalteak” eragin zizkien, txostenaren harira EHUk plazaratutako artikuluan irakurri daitekeen moduan: “Herrialde gehienetan, hitzorduetara joan ziren %5 baino gutxiago gaitzitu ziren asko edo nahikoa”.
Haurren %7 (Eslovakia) eta %45 (Malta) artean deseroso edo gaitzituta sentitu dira sarean gertatutako zerbait dela eta. Esperientzia negatibo horri nola erantzuten dioten galdetuta, gehienek esan dute gurasoei edo lagunei kontatu zietela, eta oso gutxitan irakasleei edo gazteei laguntzea xede duen profesional bati. Gutxienez hamarretik batek eta gehienez bostetik batek inoiz edo ia inoiz ez du segurtasunari buruzko aholkurik jasotzen guraso, irakasle edo kideengandik.
3 orduz egunean
Europako 9-16 urte arteko gazteek "egunero" edo "ia etengabe" erabiltzen dituzte smartphoneak. Hamar urtean, adingabeek Interneten ematen duten denbora bikoiztu egin da herrialde batzuetan. Espainiako Estatuan 3,1 ordu ematen dute; Frantzian, 2 ordu baino apurtxo bat gehiago astean zehar eta 3 ordu eta 16 minutu asteburuetan.
EU Kids Online behatokiaren txostenak orrialde banatan jaso ditu herrialde bakoitzari buruzkoak.
Espainiako Estatuan (155. orrialdea), Internet egunero erabiltzen dute batez ere komunikatzeko, musika entzuteko, bideoak ikusteko, online jolasteko eta etxeko lanak egiteko. “Gaitasun sozialak eta instrumentalak dira Espainiako gazteen artean hedatuen daudenak; alderantziz, sorkuntza gaitasunak eta informazioaren kudeaketari loturikoak ez dira hain ohikoak”, irakurri daiteke. “Datu hauek berresten dute beharrezkoa dela eskola bitartekaritza hobetzea. (…) Irakasleek ez dute haurrek sarean egiten dutena gainbegiratzen, eta joera handiagoa dute erabilera mugatzeko jarrera proaktiboa izatekoa baino, adingabeen sareko jarduerei buruzko gomendioak ematen dituztenean”.
Alabei, muga gehiago
Txostenak aipamen berezia egiten dio neskek egiten duten erabilerari. “Neskato nerabeen artean altuagoa da eduki batzuk ikusteko maiztasuna: auto-lesioak (%6 nesketan eta %2 mutiletan); suizidioa (%5 eta %1); oso argal egotea –anorexia eta bulimia arazoak– (%4 eta %1); edota gizarteko taldeen aurkako gorroto mezuak, etnia, ideologia, erlijioa, sexua edo beste arrazoi batzuk direla eta (%12 eta %4). Bestalde, “neskak askoz gehiagotan egon dira egoera deserosoetan Interneten (%40), mutilekin alderatuta (% 29). Gurasoen paperari dagokionez, txostenak dio maizago animatzen dituztela mutilak sarea arakatu dezaten, eta neskei muga gehiago jartzen dizkietela. “Datu horiek bat datoz aurreko emaitzekin eta adierazten dute familietan kezka handiagoa dagoela nesken sareko segurtasunarekiko”.
Zibergorrotoaren arriskuak
Frantziako Estatuan (143. orrialdea), adin txikikoen %50ak du profila sare sozial batean. Erabilienak dira Snapchat (bereziki nesken artean) eta Facebook. Segurtasun kontuez mintzo, gazteen %60ak daki Interneten zer publikatu beharko lukeen eta zer ez, eta %51k badaki ezerk enbarazu eginez gero zer egin beharko lukeen. Zentzu horretan, %40ak adierazi du 2019an mezu desatsegin edota mingarriak jaso zituztela.
Etnia edota erlijioarekin lotutako “zibergorrotoa” (ingelesez cyberhate) eraso mota bat dela eta jendearen bizitzan eragin negatiboak dituela ulertzen dute gazteek. %3k esan dute zibergorrotoaren biktima izan direla, eta %2k erasotzaileak izan direla. Ehunekoek, hotzean begiratuta, ez dirudite handiak, baina eragin ditzakeen kalteak oso kontuan hartu behar direla dio behatokiak. “Biktimizazioa loturik dago jokabide negatiboekin (lapurretak, borrokak…), eta ongizateari eragiten dio, biktimek antsietate handiagoa eta autoestimu baxuagoa dutelako”.