Gaur, ostirala, Argia Sarien 31. edizioa egingo dugu Usurbilgo Atxega jatetxean. Euskal kultura eta gizarteko ehundik gora lagun bilduko dira bertan eta streaminez ere jarraitu ahal izango dira ARGIAren webgunean.
1989an hasi ziren banatzen Argia Sariak honako alorretan: ikus-entzunezkoa, irratia, prentsa idatzia, internet eta kanpaina. Argiako lantaldeak egoki ikusten duenean, halaber, merezimenduzko saria ere ematen dio euskal kulturan nabarmendu den pertsona, proiektu edo ekimenari. Sari banaketa bazkalostean egingo da.
Iazko sarituak honakoak izan ziren: Gari Garaialde (prentsa), Indarkeria matxistaren biktimen mapa (Internet), Euskara Jendea irratsaioa (irratia), "Gurean" dokumentala (ikus-entzunezkoak), Altsasuko gurasoak (kanpaina) eta Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia (merezimenduzkoa).
Sarien jarraipena Twiterren hemen: #ArgiaSariak.
Aurreko urteetako saridunen berri izateko Argia Sarien kanalean aurkituko duzue informazio gehiago, eta Argia Sarien historiari buruz gehiago jakin nahi baduzue lotura honetan eman genuen sakon.