argia.eus
INPRIMATU
Pribatizazioak prekaritatea dakarrela salatzeko greba egin dute Hego Euskal Herriko zahar etxeetako langileek
  • Hitzarmenak eta egoerak ezberdinak dira lurralde bakoitzean, baina lan baldintza duinen eskean dira zahar etxeetako langileak. Grebak antolatu dituzte Nafarroan, Bizkaian, eta Araban, eta Gipuzkoan LABek elkarretaratzea egin du UGTk adostutako akordioak “egoera okertu” duela gaitzesteko.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 28a
Nafarroako zahar etxeetako langileek ere hitzarmen duin bat eskatu dute / Argazkia: Erran

Greba egunak dituzte aste honetan Hego Euskal Herriko zahar etxeetako langileek. Lurralde bakoitzeko hitzarmenak ezberdinak dira, eta beraz, baita egoera eta eskaerak ere. Langile guztiek bat egiten dute, hala ere, zaintza sistema publiko eta duin bat lortu arte ez dela prekaritatea amaituko.

Nafarroan astelehen, astearte eta asteazkenean antolatu dute greba LAB, ELA eta UGT sindikatuek. Hitzarmen bateratu bat behingoz aurrera atera dadila eskatu dute, negoziazioak blokeatuta daudelako.

Bizkaian LABek zazpi egunetarako lanuztera deitu du, eta asteazkena izan da lehen eguna. Aldundiaren parean egin dute elkarretaratzea, salatzeko bera dela zaintza sistema pribatizatzen duena. Sindikatuak azaldu du sektorea jabetza pribatuan erortzea lotuta dago prekarietatearekin: besteak beste, soldata publikoen erdia kobratzen dute pribatuetako langileek.

Araban asteazken eta ostegunean egin dute greba zahar etxeetan, LABek eta ELAk antolatuta. Bigarren horrek grebaren “jarraipen zabala” goraipatu du, gehienbat egoitza pribatuetan, nahiz eta gutxieneko zerbitzuak asko murriztu duen protesta. Lanpostu batzuetan %50eko eta %70ekoak dira gutxieneko zerbitzu horiek. Soldata duinez gain, exijitu dute ratioak jaisteko, egoiliarrek behar besteko arreta izateko adina.

Bestalde, Gipuzkoan ez da greba egunik izan, baina LABek borrokan jarraitzeko asmoa erakutsi du asteazkenean Donostian egindako elkarretaratzean. Joan den uztailean UGT sindikatuak zaintzaren sektorerako hitzarmena sinatu zuen, baina sindikatu abertzalearen ustez akordio horrek “egoera okertu egin du”. Negoziazio kolektibo bat eragozten duela azaldu du, UGTk %8ko ordezkaritza soila baitu sektorean. Gehitu du grebarako eskubidea urratzen duela, %100eko gutxieneko zerbitzuak zehazten baititu.