Jon Darpon EAEko Osasun kontseilariaren dimisioa eskatu du LAB sindikatuak, “zerbitzu berriak ez pribatizatzeko konpromisoa ez betetzeagatik”.
Osakidetzak Urdulizko ospitaleko lentzeria, sukaldea, elikadura eta ebakuntza geletako arropa zerbitzuak atera ditu lehiaketa publikora. Garbiketa zerbitzuari dagokionez, pribatizaturik dago ospitaleak ateak ireki zituenetik.
LABen iritziz, oinarrizko zerbitzu horiek “funtsezkoak” dira osasun publikoak ondo funtziona dezan, eta beraz, “Osakidetzako langileen esku egon behar dira”. Pribatizazioak diru kostuak handitu eta kalitatea jaitsiko duela azaldu du sindikatuak, eta gaineratu du enpresa horietako langile gehienek baldintza prekarioetan egiten dutela lan.
LABek azalpen publikoak emateko eskatu dio Drapon kontseilariari, eta jarraian bere dimisioa aurkezteko, “zerbitzu berriak ez pribatizatzeko konpromisoa ez betetzeagatik”.
Urdulizko Alfredo Espinosa ospitalea pribatizatzearen aurkako protestak egin zituzten ekainean Satse, ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuek. Horren aurrean, pribatizazio asmorik dagoenik ukatu zuen Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak, eta gaineratu zuen zerbitzuetako batzuk kanpoko enpresei esleitzea “ohikoa” dela edozein administrazio publikotan edota hezkuntzan. Bere iritziz, zerbitzu horiek “funtsezko arreta-zerbitzuen kanpokoak dira”.