argia.eus
INPRIMATU
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera
  • Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.

Leire Ibar 2024ko abenduaren 31
2025eko urtarrilak prezioen igoerak ekarriko ditu hainbat alorretan. Pexels

Hego Euskal Herriaren kasuan, elikagaien sektoreari dagokionean, bertan behera geldituko da krisi ekonomikoak eragindako BEZ murrizketa. Hau da, %2tik %4ra igoko da tasa, eta elikagai askoren garestitzea ekarriko du horrek. Oliba-olioa, ogia, esnea, arrautzak, gazta, frutak eta barazkiak, besteak beste. Horrez gain, pastaren eta olioaren BEZa %7,5etik %10era igoko da, ohiko zergetara itzulita. 

Energiaren sektorean ere aurreko urteetako zerga murriztuek amaiera izango dute. Elektrizitatearen zerga %21era itzuliko da, eta horrek nabarmen eragingo die etxeetako aurrekontuei. Gas naturalaren prezioek ere igoera izango dute, norbanakoentzako tarifa %10 igoko da, eta tarifa komunitarioa duten bizilagunentzako prezioak %13,5 eta %18,3 artean goratuko dira, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean asteartean argitaratu den ebazpenaren arabera. 

Udal-zergak ere igoera handiak izango dituzte 2025ean. Gasteizen, hondakinen bilketa tasa %100 igoko da, Donostian %26,5, Bilbon %5 inguru eta Iruñean %4ko igoera espero da. Europar Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren araudien ondorioz garestituko dira tasak, batez ere hondakinen bilketa zerbitzuei dagokienean.

Etxebizitzen prezioek ere igotzen jarraituko dute. Euskadiko etxebizitzen batez besteko prezioa 2.400 eurokoa izango da metro koadroan, eta Gipuzkoa izango da lurralde garestiena. Hala ere, hipotekek beheranzko joera izango dute, Euribor-tasa jaisteko joerak jarraituko duelako. Hori dela eta, familia askok arnasgune bat izango dute hipotekak ordaintzeko. Hala ere, alokairuen prezioek gora egingo dutela aurreikusten da. 

2025eko urtarrilak beraz, prezioen igoera orokorra ekarriko du hainbat alorretan, eta kontsumitzaileek aurre egin beharko diete elikagai, energia, udal-tasa eta etxebizitzen gastuei.