Inoizko hondamendi ekologiko handiena eragin zuen gertakariaren auzia erabat amaitu dela adierazi du Gorenak. Espero baino hiru aldiz gehiago da kalte ordainen zenbatekoa.
“Amaitu da Prestige ontziaren hondoratzeari buruzko auzibide zibila”, esan du Espainiako Auzitegi Gorenak. Zehaztu da kalte ordainen zenbatekoa. Espero zena baino hiru aldiz gehiago: 1.500 milioi euro. Espainiako Gobernuaren, Galiziakoaren eta kaltetuen artean banatuko dira.
2002ko azaroaren 19an Galiziako uretan hondoratu zen Prestige petroliontzia, eta Galiziako eta Bizkaiko golkoan inoiz izandako hondamendi ekologikorik handiena eragin zuen. Denborale bortitz batek harrapatu eta ontziaren egoera arrisku larrian jarri zuen, eta noraezean ibili zen azkenetan zela. Bi zatitan puskatu zen, 63.000 tona fuel itsasora isuriz. Txapapoteak estali zuen euskal kostaldea.
Kalte ordainak Espainiako Gobernuaren, Galiziakoaren eta 269 kaltetuen artean banatuko dituzte. Diru gehiena jarriko duena, aldiz, Prestige ontziaren aseguru etxea izango da: 900 milioi euro inguru. Dena den, Vozpopuli-k jaso duenez, aseguru etxeak uko egingo dio ordaintzeari. Aurrez esan bezala 1.500 milioi eurokoa izango da banatuko den zenbatekoa, fiskaltzak 4.500 milioi euro inguru eskatzen zituen arren.
Luze joan den hondamendia
Kalte ekologiko handiez gain, kalte ekonomikoak ere larriak izan ziren. Hamarkada bat iraun zuten instrukzioek, eta urtebete epaiketak. 2016ko urtarrilean eman zuen sententzia Coruñako Auzitegiak, baina kalte ordainak zehazteke zituela adierazi zuen –500 milioi aurreikusten ziren–. Berriki jakin da zenbatekoa.
Dena den, The London P&I Club aseguru etxea ez dator bat epaiarekin. Kalte ordainen kasua Londreseko epaitegietara eramateko eskatu dute, modu “arbitrario” batean epaitua izateko.