argia.eus
INPRIMATU
Ertzaintza egunero miaketak egiten ari da prestazio ekonomikoak eskatu dituen jendearen etxeetan
  • Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen hasi aurretik ere, prestazioa eskatu duen jendearen etxeak arakatzen ari da Ertzaintza: “Prebentzioaren izenean, egunero-egunero ari dira etxeetan sartzen; astakeria da eta jendea beldur da, modu oldarkorrean ari direlako, armairuak, arropak eta zoko guztiak miatzen, eta ez badiezu sartzen uzten, prestazioa ukatzen dizute”, azaldu dio ARGIAri Iñaki Uribarri Argilan-ESK-ko kideak.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko otsailaren 28a

“Lehen ere egiten zituzten ikuskapenak, arreta deitzen zuten kasuetan, baina orain etengabekoak dira; eta beste gauza bat ere aldatu da: lehen Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) kobratzen zuen jendearen etxeetan sartzen ziren, orain prestazioa kobratzen hasi aurretik ere, eskatu egin duen jendearen etxeetan sartzen dira, ez dira fio”, azaldu digu Uribarrik. Pentsio osagarriak eta enplegu pizgarriak jasotzen dituztenekin ere berdin jokatzen ari direla salatu du Berri Otxoak plataformak. Bi ertzain joaten dira etxeetara, kale-jantzian, eta herritar askoren testigantzak jasotzen ari dira Argilan-ESKn.

Zergatik eguneroko miaketa hauek?

Kanpaina bati erantzuten diola garbi dute batzuek eta besteek, “baina instituzioetatik ez da inongo azalpenik eman kanpaina honen inguruan, iruzur kasuak ez dira areagotu, beraz zergatik?”, dio Uribarrik. Bere esanetan, hainbatek zuzenean lotzen du gertatzen ari dena martxoaren 19an indarrean sartuko den DSBE lege berriarekin: lege berriak aurreikusten du Lanbideko langileek eurek osatutako 25 kideko ikuskaritza taldea egongo dela eta zereginen artean izango dutela etxeetan sartzea. “Batzuen arabera, entrenamendu moduko bat da hau, datorrenaren aurrekari, legea indarrean sartzen denean ez dezan berrikuntza itxurarik hartu”.

Lege berriak Aitorpen Arduratsua delakoa ere badakar: DSBE eskatzerakoan, Aitorpen Arduratsua dokumentua bete beharko da, esanaz prestazioa jasotzeko baldintza guztiak betetzen direla, “baina hainbeste dira baldintzak, okerren bat egitea ohikoa dela, eta hemendik aurrera aitorpen hori egin eta baldintzaren bat ez betetzea zuzenean iruzur gisa joko dute”.

"DSBE jasotzen duen jendeari modu perbertsoan tratatzen zaio, eta halako kanpainen bidez gizarteratzen den mezua da 'kontrolak egiten badizkiete zerbaitengatik izango da'"

Pobrea izatea delitu

Berri Otxoak plataforma garbi mintzatu da: “Pobreziaren kriminalizazio eta estigmatizazio kanpaina” baten aurrean gaude. Iñaki Uribarriren hitzetan, batzuekin eta besteekin neurgailu ezberdina erabiltzen dela agerikoa da: “DSBE jasotzen duen jendeari, bere eskubidea izan arren, modu perbertsoan tratatzen zaio, eta prestazio ekonomiko hori jasotzen dutenen artean iruzurra %0,7koa baino ez den arren, halako kanpainen bidez gizarteratzen den mezua da ‘kontrolak egiten badizkiete zerbaitengatik izango da’. Iruzur fiskala %20koa da, eta ikuskapen fiskal askoz gutxiago egiten da, ongi justifikatzen da gainera ikuskapen kasu bakoitza. Pobrea izatea delitu dela dirudi”.

"'Dirua migratzaileei ematen diezue' moduko mezuei erantzuteko EAJk duen modua da kontrola handitzea, baina azken finean eskuinari men egitea da"

Datorren lege berria “sarraski hutsa da”

“Lege berriak baldintza batzuetan hobekuntzak dakartza, baina iruzurraren kontrolari dagokionean, 2018ko legea baino okerragoa da, oso gogorra, datorkiguna sarraski hutsa da”, esan digu Uribarrik: “‘Dirua migratzaileei ematen diezue’ moduko mezu eskuindarrei erantzuteko EAJk duen modua da kontrola handitzea, baina azken finean eskuinari men egitea da, eskubideen eta justizia sozialaren kalterako. Pobreek ez dute bozkatzen eta jomuga erraza dira, gainera ez ditu inork defendatzen, ez dago kontzientzia sozialik”.

EAJtik harago, lege berria Eusko Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos-IUrekin adostu duela adierazi diogu Uribarriri. “Elkarrekin-Podemosek lortu duena oso-oso gauza urria da, ez dute ezer inportanterik lortu eta asko irentsi behar izan dute –iritzi dio–. Denborarekin, ezkerreko alderdiak konturatu egingo dira, nik uste”.

Iñaki Uribarri, Argilan-ESKren izenean DSBEri buruzko ikuspegia azaltzen Eusko Legebiltzarrean. Argazkia: Eusko Legebiltzarra