Presoen sakabanaketa lehen lerrora itzuli da Jone Artola Etxerateko bozeramaile ohiak senidea kartzelan bisitatzetik bueltan izandako istripuaren ondotik. Horrek eraginda, Bilboko Udaleko EAJk eta EH Bilduk bat egin dute agiri batean presoen gerturatzea eskatuz.
Bilboko alkateorde Ibone Bengoetxeak eta EH Bilduko zinegotzi Aitziber Ibaibarriagak sinatu dute agiria. Espetxe Erakundeari “euskal preso guztiak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko” eskatu diete. Artolaren kasua adibidetzat hartuta, presoa 600 kilometrora dagoen kartzelan egoteak, senide zein presoentzat “gehitutako kondena” ezin duela izan azaldu dute.
Artolak Tuteran izan zuen istripua igandean, Ugaitz Perez presoa Castellon II kartzelan bisitatzetik zetorrela. Basurtuko ospitalean ingresatuta dago ordutik, eta Etxeratek azaldu duenez, hiru saihets eta humeroa hautsita eta pitzadura du bularrezurrean. Haurdun zegoen Zaragozako emakumea hil egin zen istripuan.
EAJk eta EH Bilduk kezka agertu dute istripua dela-eta. Plazaratutako komunikatuan Jone Artolaren osasun egoerak hobera egitea espero dutela adierazi eta istripuan hildako emakumearen senideei doluminak eman dizkie.
Joseba Artola: "Lasai asko egon zitezkeen hiru hileta"
Etxeratek Arriaga plazan agerraldia egin du gertatutakoa salatzeko. Joneren anai Joseba Artolak hartu du hitza eta adierazi du "barruan daudenak maitatzeagatik senideen aurkako mendeku hutsa” dela sakabaneta. "Lasai asko hiru hileta egon zitezkeen", gaineratu du eta eskerrak eman ditu jasotako babes guztiagatik.
Presoen senideek bederatzi hilabetetan bataz beste bederatzi istripu izan dituztela gogorarazi dute Etxeratekeko kideek. "Kopuru ikaragarria" dela salatu dute eta lehendakariarengana zuzendu dira, "sakabanaketak eragindako edozein biktimaren egoeraz" zein arduratuko den galdetuz.
Jone Artolaren hitzak batu ditu Sarek: