Aukerak-ek formazioa eta enplegua izango ditu ardatz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalen esanetan.
Urrian hartuko du EAEk espetxeetako eskumena, eta agertoki horri begira Jaurlaritzak presoen jendarteratzeko erakunde publikoa sortuko duela iragarri du gaur Artozabalek, Radio Vitoria-n egindako elkarrizketa batean. Erakundeak jendarte eta presoen artean zubi lana egingo duela adierazi du: “Gizarteak laguntza eman diezaien kasu askotan estigmatizatuta eta aurrez juzgatuta dauden pertsona horiei. Bestalde, zigortuek ere gizarteratzeko konpromisoa hartu behar dute eta jarrera proaktiboa izan behar dute”.
Erakundearen izena, Aukerak, presoei “bigarren aukera bat” ematearekin lotu du Artozabalek. Azaldu duenez, Aukerak prestakuntza emango die presoei, “beren bokazioen eta trebezien arabera”, eta hori ahalbidetzeko “erdi-askatasun” egoerak sustatuko ditu. “Garatuko diren jardueren artean daude presoei lana emango dieten ekoizpen-tailerrak sortzea eta kudeatzea, bai eta egindako produktuak edo zerbitzuak merkaturatzea ere”, azaldu du sailburuak.