argia.eus
INPRIMATU
#SalatzenDut
“Hau da Paris eta Madrilgo gobernuetako azken bulegora arte iristea nahi dugun irudia”
  • Dagoeneko ohiko bihurtu da irudia. Casilla ingurutik abiatu da, 17:45ak aldera, presoen eskubideen alde Sarek deitutako manifestazioa. Aurrena, Frantzia eta Espainiako espetxe urrunenetako batzuetarainoko kilometro kopuru eskerga gogorarazten zuten furgonetak. Presoen ehunka senide ostean, ilarak osatuz. Eta antolatzaileen pankarta hirugarrenik, jende askorik gabe atzean. Haien zain, Autonomia eta Hurtado Amezaga kaleetako espaloiak lepo betez, milaka eta milaka herritar, oihu eta txaloz manifestazioa agurtu eta burua igaro ahala harekin bat egiten.

ARGIA @argia 2017ko urtarrilaren 14a
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

78.000 lagun bildu ditu Sare Herritarrak giza eskubideen, gatazka konpontzearen eta bakearen alde deituriko mobilizazioak, Gara egunkariak egindako zenbaketaren arabera –Bilboko Udaltzaingoak 65.000 lagun zenbatu ditu, hainbat hedabidek zabaldu dutenez–. “Hau da Paris eta Madrilgo gobernuetako azken bulegoraino eraman nahi dugun irudia”, esan du Joseba Azkarraga Rodero Sareko kide eta pankarta nagusia zeramaten hamahiru pertsonetako batek, Zabalburu plazan, manifestazioaren erdian, egindako adierazpenetan.

“Ikuspuntu demokratikotik ezin zaio egoera honi eutsi, eta 2017 blokeoa gainditzeko urtea izan behar da”, esan du Azkarragak; “ez dago alderdi politikoen eta erakundeen aitzakia gehiagorako lekurik, euskal jendartea eskatzen ari da Parlamentutan dauden gehiengoak baliatu eta politikak alda daitezela”. Sarek, herritarren babesa baliatuz, bere jardunaren fase berri bati ekingo diola gehitu du Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak.

“Euskal presoak etxera”, “Presoak kalera, amnistia osoa”, “Iheslariak etxera”, etengabe entzun dira oihuok, tarteka euria lagun. Bereziki gogor bota du manifestazio burua Buenos Aires kalera hurbildu ahala, baina azken ekitaldirako atertu du. Andoni Aizpuru eta Nerea Alias esatariek hartu dute orduan hitza, Bilboko udaletxeko aurrealdetik: “Entzun eta senti gaitzatela Parisen eta Madrilen, Espainia eta Frantziako espetxeetan eta erbestean”.

"Konponbidea eragozteko ingeniaritza juridiko saioak ikusiko ditugu"

Manifestazioaren pankartak zekarren eskabide hirukoitza, “bereizezina”, gogorarazi du Aizpuruk: giza eskubideak, konponbidea eta bakea. “Bere burua demokratatzat duen inork ezin du egoera hau onartu; jendarteari mobilizatzeko eskatzen diogu, baita adi egoteko ere, seguruenik konponbidea eta bakea eragozteko ingeniaritza juridiko saioak ikusiko ditugu eta”.

Estatuen mendeku politika eta ezohiko legediak salatu ditu Aliasek. “Ezin diogu inori mina ahazteko eskatu, baina begira dezagun aurrera”, eskatu du. Halaber, botere banaketa hautsi duen “justiziaren zati horren” aurka egin du: “[Espainiako] Gobernuaren eta haren politika bidegabeen garraiatzaile bihurtu da, zuzenbidearen eta giza eskubideen oinarrizko arauen aurka jokatuz”. Era berean, beren legediak (eta EBkoa) ez errespetatzea leporatu diete Frantzia eta Espainiako estatuei.

Manifestariek Buenos Aires zubia zeharkatzen jarraitu dute Aizpuru eta Aliasen agerraldiak iraun duen hamar minutuetan, eta ondoren. Beste ohiko irudi bat. Aurtengoa inflexio-urtea izateko eskariak ere beste urtarril batzuetako oihartzuna dakar. Tamalez, aldaketa  ez dago gaur, berriro, Bilbon bildu diren milaka herritarren esku bakarrik. “Gaur hemen mobilizatu den gizarte honek bere indarra helaraziko die alderdi politikoei gauzak aldarazteko”, Joseba Azkarragaren hitzetan. Beti bezala, zain.