argia.eus
INPRIMATU
Presoen esku-lan merkea, enpresa handien negozioa
  • Birgizarteratze programen atzean ezkutatuta, enpresa asko aberasten ari dira Espainiako Estatuko espetxeetako presoen esku-lan merkeari esker. Soldata ezdeusak kobratuta eta lan-eskubiderik gabe, 12.000 preso inguruk egiten dute lan Santander bankua bezalako enpresa handientzat.

Nerea Ibarzabal Salegi 2014ko azaroaren 20a
Lan-ordua 50 zentimo ordaintzen diete presoei bataz beste, eta hilabetean ez dago 200 eurotik gorako soldatarik. (Arg: Pablo Nosti)

Kartzelan dagoen jendeak oso gaizki ordaindutako lanak egiten dituela kontu ezaguna da, baina orain lan horren kontura etekina ateratzen dutenen izan-abizenak plazaratu dira, Atlántica XXII webgunean irakur daitekeenez.

Pujol Ferrusola familia, Telefonica, El Corte Ingles, Santander, ACS… enpresa horiek zerrendatu ditu Amadeu Casellas preso ohiak, Un reflejo de la sociedad. Crónica de una experiencia en las cárceles de la democracia liburuan (euskaraz, Gizartearen isla. Demokraziaren kartzeletako esperientziaren kronika) liburuan. Kosturik gabe, milioika euroko irabaziak lortzen dituzte enpresek espetxeratuen lanarekin, Casellasen arabera.

Lan-ordua 50 zentimo ordaintzen diete presoei batez beste, eta hilabetean ez dago 200 eurotik gorako soldatarik. Horrela salatu du Andaluziako Giza Eskubideen aldeko erakundeak. Automobil enpresak, bodegak edo garbiketa enpresak dira, besteak beste, esku-lan merkeaz baliatzen direnak.

El Corte Ingles, gainera, bi norabidetan aberasten da. Presoak baldintza prekarioetan lanean edukitzeaz gain, eurek dira gero produktuak erosten dituztenak. Izarak, oheak, mantak, mahaiak… enpresak denetik bidaltzen du kartzeletara.

100 enpresa eta 500 partikular inguruk kontratatzen dituzte presoak, nahiz eta zifra errealak jakitea zaila den, ez baitira publiko egiten. Espetxe-instituzioen baitako lan-erakundeek bideratzen dituzte kontratazio horiek.

EAEko kartzeletan dauden presoek Eroski eta Citroënentzat egiten du lan.

Kartzeletako jendea, babesik gabe

Lan horiek egiten dituzten presoen kopurua hirukoiztu egin da azken hamarkadan, baina esplotazioa salatzen duten ahotsak ere ugaritu egin dira.

Soldata urriak izateaz gain, langileek ez dute ez aparteko ordainsaririk ez oporrik izateko eskubiderik. Sindikaturik ere ez dutenez, salaketak egitea ere ezinezkoa da.