argia.eus
INPRIMATU
Salbuespenezko espetxe politikaren aurka, Sarek manifestazioa deitu du larunbaterako Donostian
  • "Resolution! Etxera!" lelopean, manifestazioa deitu du Sarek hilaren 24an, Donostian. Antigua auzoan hasi eta Kontxako hondartzan amaituko da, mosaiko batekin. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 19a
Sareko kideak Donostian / @eitb.eus

Ekimen honen helburua Espainiako eta Frantziako estatuetan presoei aplikatzen zaien espetxe politikaren "salbuespen egoera" salatzea da. "Hainbeste urtetako sufrimenduarekin amaitzeko eta konponbiderako eta bizikidetzarako urrats irmoak ematen hasteko momentua" dela adierazi dute Sareko kide Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabalek. Mobilizazioa Donostiako Antigua auzoan hasiko da, eta Kontxako hondartzan amaituko da, mosaiko handi bat osatuz. 

Sarek azken hilabeteetan gerturatzeak eta presoen lekualdatzeak izan direla aitortu duen arren, adierazi du ez dela nahikoa, "204 presoetatik sei baino ez daude euskal espetxeetan" eta egoera hau "behin betiko amaitzea" eskatu du. 

Koronabirusaren egoera dela eta, presoen eguneroko bizitza eta beren senideena nabarmen aldatu direla adierazi dute. "Espetxeetan, kontuan izan behar da, leku itxi eta masifikatuetan bizi direla eta honek, osasun eta higiene baldintza prekarioak izatea dakar". Senideek, bestalde, bisitak egiteko zailtasunak besterik ez dituztela adierazi dute. "Presoen 89 haurrei eragiten dien egoera da hau, horietako askok sei hilabete baino gehiago daramatzate aita, ama edo biak ikusi gabe". Une hau aprobetxatzeko garaia dela gehitu dute, eta dei egin diete euskal herritarrei, larunbatean Donostian izateko. 

Mobilizazioan segurtasun neurriak bermatuko direla jakinarazi dute, lau ilaratan antolatuko dira eta parte hartzaileek musukoa jantzita eramango dute. Ilaren artean metro eta erdiko distantzia mantenduko da une oro. Bukaeran osatuko duten mosaikoan ere neurri berak errespetatuko dira. Osasun krisiaren larritzearekin Eusko Jaurlarizak hartutako azken neurri murriztaileen aurrean, Sarek jakinarazi du deialdia egoera berrira egokituko duela, eta mosaikoa "Euskal Herriko herri eta auzo gehienetatik lotutako 600 pertsonekin" osatuko dela.