argia.eus
INPRIMATU
Presoen auziaren konponbidean egindako lehen etapa baloratu, eta aurrera begirako bideari ateak zabaldu dizkiote Baionan
  • Azken bi urteetan Frantziako Estatuarekin izandako elkarrizketen emaitza baloratu dute Bake Bidea, Bakegileak eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak. Presoen afera konpontzera bidean, egindakoa lehen etapa izan dela adierazi dute, eta aurrera egiteko data jarri: azaroaren 2a.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 04a
(Argazkia: Bake Bidea)

Presoen auzian konponbidea bultzatu asmoz Frantziako Estatuarekin elkarrizketa abiatu zenetik bi urtera, Bake Bidea, Bakegileak eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak prentsaurrekoa egin dute ostiralean Baionan. Epe-tarte honetan egindako lanaren balorazioa egin dute.

Adierazi dutenez, “konponbide orokor eta definitibo baten perspektiban” ari dira lanean, baina oraindino lehenengo etapan, euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriekin bukatzea xede duena. Lehen etapa horren lehentasunak lirateke DSP estatusak —bereziki zaindutako presoei ezartzen zazkienak—, hurbilketak eta baldintzapeko askatasunak bultzatzea eta preso gaixoak.

DPS estatusa kendu edo berritu ez zitzaien presoak bederatzi izan ziren 2017ko uztaila eta 2018ko maiatza bitartean; maiatzetik gaur artean, berriz, beste hamasei DPS estatus altxatu dira.

Baldintzapean aske geratzeko hamaika eskaera egin dira, eta horietatik bi ez dira onartuak izan, eta bederatzi aztertzeke daude, horietatik hiru kasutan zigor bukaera hurbil dagoela argudiatuta.

Gaixotasunagatik, bi suspentsio eskaera egin dira. Oier Gómezek egin zuen horietako bat: 2017ko apirilaren 26an askatu zuten eta 2019ko urtarrilaren 26an zendu zen. Beste eskaera Ibon Fernández Iradik egina da, baina erantzunaren zain da, urriaren 30erako espero dena.

Presoen gerturatzeari dagokionez, hurbilketa prozesuak aldatu egin du Frantziako Estatuko urrunketa mapa. Hiru etapatan egindako hurbilketak, momentuz, soilik gizonezko euskal presoak gerturatu ditu:

Mont-de-Marsanen eta Lannemezanen (Okzitania) ari dira elkartzen horiek, eta bide horretan jarraituko dute.

Emakume presoak “epe motzera begira” ez direla hurbilduak izanen jakinarazi dute. Akitaniako espetxeetan ez dago emakumeentzako modulorik. Alabaina, emakumeek kontrakorik ez badiote, hauek Roazhongo espetxean (Bretainia) batuko dituzte. Orotara, zortzi dira Frantziako espetxeetan preso dauden euskal preso emakumeak.

Justiziaren alorrean “pauso oso garrantzitsuak baina noizbehinkakoak" egin direla eta epaileek "jarrera arrunt izoztua" izan dutela salatu dute bozeramaileek, baita fiskaltza orokorraren jarrera kritikatu ere.

Aurrera begira lanean jarraitu asmoz, azaroaren 2an "bake prozesuko aktore guztiak" bilduko dira. "Ez gara bidearen bukaeran; Baionako Adierazpena aktualizatu behar dugu, eta prespektibei gogoetatu behar dugu", adierazi dute bozeramaileek.