argia.eus
INPRIMATU
Presoen auzian urrats positiboak baina konponbide integraletik urrun, Foro Sozialaren ustez
ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 04a
Argazkia: @ForoSoziala

Bizkaiko Abokatuen Elkargoan aurkeztu du Foro Sozial Iraunkorrak Espainiako Gobernuaren urte eta erdiko lana aztertzen duen txostena. Balantzaren alde onean jarri du Sánchezen gobernuarekin PPren gobernuaren “immobilismoa” atzean geratu izana; baina sozialisten “erdizkako” hurbilketak kritikatu ditu halere. Foroko ordezkariek azaldu dutenez, EPPK-ko presoen gehiengoa sorlekutik 600 eta 1.100 kilometroko distantzia artean dago preso egun, “ulertzen zaila” den egoera, Hego Euskal Herriko lau espetxeetan lekua dagoelako guztiak hartzeko. Graduei dagokienez, preso gehienak 1. graduan sailkatuak jarraitzen dute, zenbateko “nabarmen” bat 2. gradura pasa dute, eta kopuru “txikia” soilik dago 3.ean. “Bigarren gradura igarotzea eta gerturatzea urrats positiboak dira norabide egokian, baina horrek balio behar du aurrera egiteko eta ez bide itsu batean trabatuta geratzeko”, adierazi dute Foroko ordezkariek. Gogorarazi dute ere preso gaixoak eta 70 urtetik gorakoak espetxean jarraitzen dutela.

Konponbide integrala bultzatu

Urrats zenbait emanagatik oraindik ere presoen auzia “konponbide integraletik urrun” dagoela ohartarazi du Foroak, eta hori izan behar duela helburua. Eragilearen esanetan bada konponbide integral hori abiatzeko nahikoa adostasun sindikatu, eragile eta alderdi politikoen artean, eta hori baliatu behar da “Espainiako Gobernuari palanka egiteko, laguntza emateko irtenbide baten kontra dauden sektoreen aurrean”.

Aurrera begira, Foroak urrats berriak proposatu ditu. Lehen fase batean “salbuespenezko egoerekin” amaitu beharko litzateke, presoak euskal herriratuz eta gradu progresioak onartuz. Hurrengo zeregina birgizarteratze plan bat adostea izan beharko luke, “erakunde publikoek gidatua eta eragileekin adostua, baldintzapeko askatasuna lortzeko eta birgizarteratzeko bidean laguntzeko”. Azkenik, 7/2003 Legearen pean zigortutako presoen egoerari irtenbide bat ematea proposatu du Foroak, “garai politikoarekin” bat datorren irtenbidea, nazioarteko parametroetan oinarritua, “bakea bermatzeko eta gatazka ez errepikatzea ziurtatzeko. Zigor estrategiarekin amaitzea beharrezkoa da”.