Harremanetarako Nazioarteko Taldeak bukatutzat eman du Euskal Herrian zuen egitekoa. Brian Currin abokatuak asteazkenean emandako prentsaurrekoan adierazi du badirela gai batzuk konpontzeke geratu direnak, nabarmenduz "preso politikoen auzia".
2011. urtean jarri zen abian Harremanetarako Nazioarteko Taldea, “Euskal Herrian normalizazio politikoa lortzea “arindu, erraztu eta posible egiteko”. Hilaren 9an iragarri zuen taldeak bukatutzat ematen duela bere lana, agindutakoaren zatirik handiena bete dela ulertuz.
Betetzeke geratu direnen artean, "preso politikoen" auzia nabarmendu du Currinek. Bere hitzetan, Espainiako Gobernuko buru PSOE izanik, aurrera egiteko aukera gehiago dago. Zentzu horretan "itxaropenerako tartea" badagoela esan du, Diputatuen Kongresuko zenbait alderdik (EAJ, EH Bildu, Podemos eta Kataluniako independentistek) "babes morala" eskaini diezioketelako Gobernuari. Euskal alderdi eta gizarte zibilari dei egin die presoen auzia bideratzeko "presioa" egiteko.
Gobenuen jokabideaz mintzo hizpide, Currinek nabarmendu du Euskal Herrikoa izan dela gizarte zibilak, gatazkan inplikatutako gobernuen parte-hartzerik gabe, gauzatu duen lehen bake prozesua: "Kasu bakarra da munduan; horrelakorik ez da gertatu; eredu hau beste gatazka batzuk konpontzeko erabili ahal izango da aurrerantzean".
Bestalde, adierazi du "aurrerapenak" izan diren arren "ETAk eta Estatuaren indarkeriak eragindako biktimen arteko elkarrizketan", biktimen auzian ere urrats gehiago eman behar direla.