argia.eus
INPRIMATU
Presoen eskubideen aldeko ekitaldi bat Fiskaltzara eraman du Gasteizko alkate berriak
  • Judimendi auzoko festetan “auzoko presoen eskubideen alde” antolatutako ekitaldia eta brindisa ikertzeko eskatu dio Fiskaltzari PSEko Maider Etxebarriak, “delitua dagoen iker dezan, eta, egotekotan, jurisdikzio penalera bideratu dezan”. Udalaren diru-laguntzak bueltatu arazteko aukera dagoen ikertuko du udalak bere aldetik.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2023ko ekainaren 26a

Ekainaren 17ko larunbatean hartu zuen alkate kargua Maider Etxebarriak, EAJrekin gobernu akordioa egin ostean eta PPko zinegotzien botoei esker. Iragan ostiralean eman zuen osoko bilkuraren osteko bere estreinako prentsaurrekoa. Ordurako, Covitek edo PPk eskatua zioten alkateari “eragotzi” zezala ostiralean bertan egitekoa zen presoen aldeko brindisa. San Joan gauean eta Judimendi auzoko festen programazioaren barnean zeuden iragarrita, lehenik “ez daudenengatik kalejira”, eta jarraian “auzoko presoen eskubideen aldeko ekitaldia eta brindisa”.

Prentsaurrekoan “eskandaluagatik” galdetu ziotenean, Etxebarriak jakinarazi zuen ekitaldia eta brindisaren berri eman diola Fiskaltzari, “delitua dagoen iker dezan, eta, egotekotan, jurisdikzio penalera bideratu dezan”. PSE-EAJ udal gobernuaren izenean hitz egin zuen: “Gobernu honi nazkagarria iruditzen zaio une honetan ETAko kideak goratzearekin lotutako gai bat aurkitzea”.

Gasteizko alkateak iragarri zuen ere udalak espedientea irekiko duela, auzoko jaiei eman zaizkien diru-laguntzen erabilera ikertu eta baloratzeko dirua bueltatzea eskatu daitekeen edo ez. “Irmoa izan nahi dut: oso argi gera dadila udal honek ez duela horrelako ekintzarik diruz laguntzen”.

Gorka Urtaranek berdina egin zuen

“Ez da lehenbiziko aldia Judimendiko jaiekin antzeko polemika sortzen dela”, gogoratu du Etxebarriak. 2018an Gorka Urtaran alkate jeltzaleak salatu zuen Fiskaltzan auzoko hiru presoren euskal herriratzearen aldeko ekitaldia.