argia.eus
INPRIMATU
Presoen aldeko ekimenak 400 pertsona baino gehiago batu zituen Uribe Kostan
  • Uribe Kostako errepresaliatu politikoen aldeko mobilizazioan parte hartu zuten atzo, domekan, 425 lagun inguruk, Kalera Kalera ekimenaren esanetan. “Garaia da gatazkaren konponbidean urratsak emateko eta, ondorioz, errepresaliatu guztiak etxera bueltatzeko”, adierazi zuten.

Hiruka .eus 2018ko irailaren 25a
Igandeko manifestazioa

Martxa bikoitza eginez hasi zen preso, deportatu eta iheslarien aldeko ekimena. Zutabe bat Astrabudutik abiatu zen, eta Leioa, Itzubaltzeta eta Algortatik igaro zen; 250 pertsona inguru batu ziren horretan.

Beste zutabean gutxi gorabehera 175 lagunek parte hartu zuten, eta Plentziatik irtenda, Barrika, Urduliz eta Sopela zeharkatu zituen. Zutabe biek Berangon egin zuten bat, eta hantxe egin zituzten ekitaldia eta ondorengo bazkaria.

Errepresaliatuen senitartekoei omenaldia egin ostean, preso, iheslari eta deportatuen egoera salatu zuten Kalera Kalerako kideek. “Jendartearen gehiengoak hamaika aldiz adierazi duen moduan, garaia da gatazkaren konponbidean urratsak emateko”, esan zuten, baita Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera zurruna kritikatu ere.

Gogoratu zutenez, Uribe Kostako hamazazpi preso daude euskal preso politikoen kolektiboan, eta deportatu bat ere bai, Sao Tomén. Hiru presok (Iñaki Bilbao, Urko Labeaga eta Patxi Marqués) espetxean daborduko hogei urte baino gehiago bete dituztela ere azpimarratu zuten. Azkenik, deia zabaldu zuten urriaren 20an Donostian egingo den manifestazio nazionalera joateko.

 

Albiste hau hiruka.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.