Mont-de-Marsanetik abiatua da goizean euskal preso politikoen urrunketa salatzeko bizikleta martxa. Parte-hartzaileek Zaballako espetxeraino eginen dute bide astelehenera bitartean.
Sare plataformak anartean, “urrunketa politikak senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua amaitu behar dela”, adierazi du are fermukiago Orain presoak kanpaina hasi zenetik.
Orain Presoak dinamikaren bizikleta martxa, ekainaren amaieran jakinarazi zuten antolatzaileek. Parte-hartzaileak abiatu dira dagoeneko eta astelehenera bitartean, Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxetik Zaballako kartzelara (Araba) eginen dute bide. Bizikletariek euskal presoei ezarritako “salbuespen neurriak” amaitu daitezen salatuko dituzte Euskal Herrian gaindiko martxa bidez.
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak ez du urratsik eman euskal presoen gaian. Euskal presoen balizko hurbilketez adierazitako azken hitzen arabera, gaia lantzen duen batzordeak ez du ezein presoren hurbilketa aztertu.
Presoen afera “kasuz kasu” landuko dutela berretsi du Espainiako Barne ministroak, baita prozesua “gardena” izango dela esan ere. “Gerturatze politika ez da ‘inolaz ere, espetxe onura’ izango”, adierazi du. Bere hitzetan “espetxe onurak beste gauza bat dira”. Sakabanaketa politika eta espetxe politika ezberdindu ditu hitz hauek direla medio: “Sakabanaketa politika terrorismoaren kontrako politika izan zen, eta arrakasta izan zuen ETArekin amaitzeko. Haatik, ez zen espetxe politika berezia izan”.