Bakegileek eta Orain Presoak dinamikak atzo eman zuten urtarrileko manifestaldien berri.
Irunen astelehenean egindako agerraldian adierazi zuten datorren urtarrilean bi manifestaldi izango direla, biak ala biak gabonen ondorengo lehen larunbatean, urtarrilaren 12an. Arratsaldeko bostetan emango zaie hasiera bi manifestaldiei, aldarrikatuz ETAren armagabetzearen eta disoluzioaren ondorengo garai hau dela euskal presoen unea.
“Premiazko garaia”
“Presoen alde, orain egin behar dira urratsak. Prozesuaren abiadura aldatu beharra dago. Premiazko garaian sartuak gara. Presoen auzia konpontzeko unea etorria da”, esan zuen Arantza Aldezabal Orain Presoak-eko bozeramaileak. Bakegileek adierazi zuten Frantziak eta Espainiak “salbuespen” neurriak kendu behar dituela, “giza eskubide arruntak errespetatzea delako eta gaur egungo egoera politikoak eskatzen duelako”.
Espetxe politika justua
“Ez gara helmugara heldu”, adierazi zuen Mixel Berhokoirigoin bakegileak. Paris ari da urratsak egiten, baina abiadura “galdu” du eta “gehiago” ezarri beharra dago.
Urtarrileko manifestazioan mezu argia zabalduko dela esan dute aho batez. ETAren 2017ko armagabetzea eta 2018ko disoluzioa iraganean kokatzen den arren, “oraindik” ez direla bete “bake justu eta iraunkor baten baldintzak”.