Baldintza berriak ezarri dizkie Espainiako Gobernuak kartzelatik ateratzen diren euskal preso politikoei langabezia dirulaguntza eskatzeko. Besteak beste, “barkamena” eskatu eta kalte moralak “konpondu” beharko dituzte.
Leporatutako delituaren ardura zibilari ere erantzun beharko diote, eta kalte materialen kostua euren gain hartu beharko dute. Horrez gain, “era aktiboan” aritu beharko dira elkarlanean “autoritateekin”.
“Damua” azaldu asmoz, biolentzia kondenatzen duen idazkia eskatuko diete.
Gainera, informe bidez “probatu” beharko dute ez dutela erlaziorik erakunde armatuarekin, ezta “inguru terroristarekin” ere. Era berean, elkarte eta kolektibo ilegaletatik aldenduta daudela jakinarazi beharko dute.
Betebeharrak urtarrilaren 1ean jarri ditu indarrean Exekutiboak, eta ez dute atzerako efekturik izango, beraz, orain arte askatutakoei ez diete eragingo. Aurrerantzean kaleratukoei, aldiz, bai.
456 euro, sei hilabetez
Langabezia diru-laguntza 456 eurokoa da hilero, sei hilabetez. Jasotzeko kotizazioa denbora eta kartzelaldi jakin batzuk bete behar dira.