argia.eus
INPRIMATU
Presoei gradu aldaketa ukatzeko argudioak gezurtatu ditu Foro Sozialak
  • Azken hiru hilabeteetan 46 euskal presok graduz aldatzeko egindako eskaeretatik 44 atzera bota ditu Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegiak, ETA desegin bazen ere, "estrategiara hartara bueltatu nahi dutelako talde batzuek", beste arrazoi batzuren artean. Foro Sozialak argudio horiek kritikatu ditu.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 11

2018ko uztaila eta iraila artean euskal presoek egindako 46 eskaerak eta haien inguruko ebazpenak aztertu eta Gradu-progresioa ezesteari buruzko estrategia txostenean bildu ditu ondorioak.

Foro Sozialak nabarmendu du presoak graduz aldatzea ezinbesteko urratsa dela "erakundetatik eta gizarte zibiletik hainbeste aldiz eskatu zaien gizarteratzeko ibilbidea hasteko", eta Espetxe Zaintzaren argudioak zalantzan jarri ditu. Besteak beste, epaitegiak dio talde batzuek ETAren estrategiara bueltatu nahi dutela, eta ez dagoela jakiterik orain preso dagoen pertsona etorkizunean talde horietako batera sartuko den ala ez. Aldiz, Foro Sozialaren hitzetan, presoek publikoki esan dute bat egiten dutela ETAk eta EPPK kolektiboak indarkeriaren erabilerari buruz egiten duten adierazpenekin. Halaber, Espetxe Zaintzak dio presoek “taldeka, kolektibo moduan, diziplinazko egitura baten baitan” funtzionatzen dutela. Foro Sozialaren iritziz, kolektibo baten partaide izatea ez da arrazoia gradu aldaketa ukatzeko.

- Txostena osorik (PDF), gaztelaniaz.